Argazkigintzari emandako bizitza bat
Bere aita eta aitonarengandik ikasita, bizitza osoa argazkiak egiten eman zuen Sigfrido Koch Arruti (1936-1992) argazkilari donostiarrak.
Lehen urteetan, galtzen ari zen Euskal Herriaren irudi ilun eta nostalgiko bat transmititzen zuen bere argazkietan, eta argazkigintza abstraktua egiten bukatu zuen. Ibilbide guzti horren partaide eta luxuzko lekuko izan zen bere familia
Parte Zaharreko Narrika kaleko 21 zenbakian jaio zen Sigfrido Koch Arruti, eta txikitatik jaso zuen argazkilaritzaren zaletasuna, bere aita Sigfrido Koch Bengoetxea eta bere aitona Willy Koch Schoneweiss argazkilariak baitziren. Bere aitaren estudioan hasi zen argazkilaritza ikasten eta Arte Ederretako eskolan pintura ere ikasi zuen. Alemanian, Belgikan eta Herbehereetan ere formakuntza jaso zuen.
1967an Mari Paz Elizegirekin ezkondu zen, eta hurrengo urtean Madrilera joan ziren bizitzera, han Rasgo-Grey publizitate agentzia prestigiotsurako lan eginez. Elizegiren esanetan, “Madrilez aspertuta” itzuli ziren Euskal Herrira 1973an, Bilbora, hain justu. Han bere estudio propioa ireki zuen, eta garaiko industria enpresa handienentzako egin zuen lan. 1979ko Itxaskaria liburua, esaterako, Petronorren eta Euskaltzaindiaren enkarguz egin zuen. Hiriburu bizkaitarrean hainbat urte eman ondoren, bere jaioterrira itzuli zen 1980ko hamarkada hastear zela.
Euskalerria, neure ametsa (1977) liburua da Kochen obrako libururik ezagunena, eta Elizegiren arabera, autorearen beraren kuttunena. Liburu horretan daude bere lehen etapa hobekien islatzen duten argazkiak, bere alaba Edurne Kochek azaldu duenez: “Malenkoniaz jositako lana zela nabarmendu zuten eta gure aitak kalifikazio hori onartu zuen. Izan ere, jaioterriarekiko herriminak eraginda egin zituen aipatutako irudiak”. Ildo beretik jo du bere alaba Nagore Kochek, bere aitaren obraren ezaugarri nagusiak “galtzen ari zen Euskal Herriarekiko zuen maitasuna eta nostalgia” zirela esanez. Garai hartakoa da Nagoreren argazki kuttunetako bat, ikurrina oraindik ilegala zenean egindako Ikurrin dantza (1976), hain justu. Azaldu duenez, “balio sinbolikoagatik eta oso polita delako” du hain gustuko. Elizegik, aldiz, Pilotaria (1977) aipatu du bere gustukoenetan, aste honetako papereko astekariko azalean dagoena.
Lehen etapa nostalgiko horrek gutxi gora behera 1985era arte iraun zuela azaldu dute Elizegik eta Nagorek, beraz, Museo de San Telmo (1976), Euskalerria, neure ametsa (1977), Itxaskaria (1979) eta Misterio de Vizcaya (1981) liburuak hartu zituen etapa horrek. Bere etapa abstraktua hasi zen ondoren, nahiz eta Nagoreren arabera, “beti esperimentatu zuen abstrakzioarekin”. Gure sagardoa (1985) liburuan hasi zen, beraz, argazki abstraktuak gehiago lantzen. Etapa horretan eragin handia izan zuten bere obran garaiko kulturgileek, Jorge Oteizaren oso laguna baitzen, eta Eduardo Txillidarekin, Gabriel Celayarekin, Jose Miguel Barandiaranekin eta Txillardegirekin harremana izan baitzuen, besteak beste. Edurneren arabera, bere aitak “kultur sortzaileak miresten zituen”, eta “herria egiteko ezinbestekotzat zuen kultur mugimendua indartzea eta zabaltzea”.
Kochen lan egiteko eraz galdetuta, bere buruarekiko eta batez ere inprentarekiko zorroztasuna nabarmendu du Elizegik: «Sigfrido oso zorrotza zen inprentarekin eta argazki laborategiekin, ez zuen inporta hamar aldiz errepikatu behar bazen inpresioa. Berak nahi zuen argazkiak ziren moduan argitaratzea». Horren harira, argazki bakoitza lortzeko egiten zituen saiakera guztiak aipatu ditu Nagorek: «Argazki bat lortzeko agian bi karrete erabiltzen zituen, eta desberdintasun oso txikiak zituzten argazki askok: enkoadraketa, esposizio gehiago, gutxiago…».
Bestalde, Elizegiren arabera, barnetik iristen zitzaion argazkiak egiteko inspirazioa, eta hortik aurrera hasten zen lan egiten. Horren harira, jendearekin egotea gustatzen zitzaiola gogoratu du Nagorek, eta agian hortik etorriko zitzaiola inspirazioa: “Jendearekin egotea asko gustatzen zitzaion, eta hortik etorriko zen agian inspirazioa. Hau da, argazkiak egin aurretik jendearekin konfiantza hartzea gustatzen zitzaion”. Ildo beretik, argazkiek zuten lanketa azpimarratu du Edurnek: “Barrenak mugituta egiten zuen lan, helburua lortzeraino prozesu luzea gerta zitekeen”.
Lanketa luze eta zail hori nabarmendu du Nagorek, argazkiak egiteko “bere filtro propioak” egiten zituela gogoratuz: “Lanketa asko zegoen bere argazkietan. Lehenengo bere buruan pentsatzen zituen enkoadraketa eta gainontzeko faktoreak. Ondoren, berak egindako filtro batzuk erabiliz argazkia egiten zuen. Argazki abstraktuetan muntaketa batzuk egiten zituen diapositibekin, nahiz eta niri ez zidan teknika hori transmititu, txikia nintzelako”.
Koch Donostiakoa izanda, aipatzekoa da bere obran ez direla ia Donostiako argazkiak aurkitzen bere bizitzako azken urteetara arte. Nagoreren arabera, “natura hiria baino gehiago” gustatzen zitzaiolako da hori. Hala ere, Donostia asko maite zuela aipatu du Nagorek, kaian bainatzea debekatuta zegoela zioten kartelak ikusten zituenean asko haserretzen zela gogoratuz: “Bera Parte Zaharrean jaio zen, eta haurra zela kaian bainatzen zen. Nagusia zenean, asko haserretzen zen ura zikina zegoelako haurrei kaian bainatzea debekatzen zietenean”.
Familiaren partaidetza
Argazkiak egiteko, Kochi “beti mendian sartuta” egotea gustatzen zitzaiola nabarmendu du Elizegik. Horrela, familiak “Euskal Herri osoa” ezagutu zuela aipatu du Nagorek, eta askotan aitak argazkia egiteko zain egon behar izaten zutela: “Bidaiatzen ari ginela, autotik jaisten zen argazkiak egitera, gu itxoiten geunden bitartean”. Antzeko oroitzapena ekarri du gogora Edurnek: “Aitaren nahitaezko asteburuetako testiguak ginen txikitan. Autoa hartu eta mendian egiten genituen egunak, berak lana garatu ahal izan zezan”.
Horretaz gain, argazkiak egiteko laguntza ere eskatzen zien Kochek bere alabei. Nagorek ondo gogoratzen du nola eskatzen zion harriak eta enborrak margotzeko Jaizkibelen, argazki abstraktuak egiteko: “Arrokak eta horrelakoak margotzen laguntzen nion. Parte hartzen uzten zidan. Nik ondo pasatzeko egingo zuen agian edo pixka bat mundu horretan sartzeko”. Argazkien prestaketan laguntzeaz gain, “modelo gisa” ere lagundu ziotela gehitu du Edurnek.
Horrenbeste aldiz aitak argazkia egiteko zain egon ondoren, eta prestaketan lagundu ondoren, argazkilaritza zaletasuna “era naturalean” transmititu ziela adierazi dute Nagorek eta Edurnek. Hala ere, argazkigintza baino gehiago, bere aitari esker “gauzetan arreta berezia jartzen eta gauzak behatzen” ikasi zuela nabarmendu du Nagorek. Edurnek antzeko irakaspenak jaso zituen bere aitarengandik, “bizitza beste prisma batetik begiratzen” eta “argiaren aldaketak ikusten eta miresten” ikasi zuela azpimarratu baitu.
San Telmo Museoari dohaintza
Donostiako San Telmo Museoarekin harreman estua izan du beti Koch familiak, Sigfrido Koch Bengoetxeak eta Sigfrido Koch Arrutik hainbat erakusketa egin baitzituzten han, eta familiako kide guztientzako leku berezia izan da beti. Koch Arrutik, gainera, museoari eskaini zion bere lehen liburua, Museo de San Telmo izena jarriz.
Elizegik azaldu duenez, familiak museoarekin zuen harreman horrengatik eman nahi izan zioten artxiboa San Telmo Museoari. Gainera, han ondo zainduta egongo direla azpimarratu du: “Pena ematen zigun argazkiak galtzea, eta San Telmo Museoari eman nahi genizkion, bagenekielako ondo zainduko zituztela, instalazio aproposak dituztelako horretarako”. Ildo beretik jo du Nagorek, eta bilduma bere aitaren jaioterrian gelditzea aukera ezinhobea izan dela nabarmendu du: “Aitak hainbeste maite zuen herriarentzako izatea nahi genuen, eta Donostian bertan geratu da, omenaldi ezin hobea!”.
Artxibo handia jaso zuen museoak guztira. Alde batetik, Koch Bengoetxearen kristalezko 147 plaka, plastikozko 656, 36 negatibo, Pais Vasco. Guipuzcoa liburuaren jatorrizko maketa 138 positibaturekin eta 1936ko Gerraren albuma, formatu txikiko 231 argazkiz, hainbat ilustrazioz, egunkari zatiz eta hainbat dokumenturen kopietaz osatua. Bestetik, Koch Arrutiren 5.000 diapositiba; negatibo, handitze eta fotolito ugari; museoarentzat egindako argazki markoztatuak eta publizitate lanetako negatibo eta diapositibak jaso zituen dohaintzan San Telmo Museoak.
Koch sendia eta argazkilaritza
Sigfrido Koch Arruti da bere familiako argazkilaririk ezagunena eta ibilbide oparoena egin zuena, baina argazkilaritza zainetan darama bere familia guztiak.
Willy Koch Schoneweiss (1879-1950) alemana izan zen lehen Koch argazkilaria. 1901ean Donostian bizitzen hasi zen, eta lau sema-alaba izan zituen bere emazte Magdalena Bengoetxearekin: Carmen, Willy, Sigfrido eta Pablo. Gehiago edo gutxiago, denak aritu ziren argazkigintzan, eta ondorengo belaunaldiei ere transmititu zieten zaletasuna. Alde batetik, Pablo Koch Bengoetxeak Willy Koch Louvelli semea izan zuen, argazkigintzan aritu zena.
Bestetik, Sigfrido Koch Bengoetxearen eta bere emazte Ignacia Arrutiren semea da erreportaje honetako protagonista, Sigfrido Koch Arruti, eta bere lau alabetako bi, Edurne eta Nagore, ere argazkilaritzaren munduan sartuta daude. Horretaz gain, Koch Bengoetxearen biloba da Justi Garcia Koch fotokazetari ezaguna. Azkenik, Willy Koch Bengoetxeak ez zuen seme-alaba argazkilaririk izan, biloba baizik. Izan ere, bere alaba Hilde Koch dantzari ezagunaren Marco Bialon Koch semea da sendiko azken argazkilaria.
Bestalde, familiaren beste alde batetik ere badaude argazkilariak. Izan ere, Willy Koch Schoneweissen iloba zen Alberto Schommer Koch argazkilaria, eta haren semea da Alberto Schommer Garcia argazkilari ezaguna.