Buskers jaialdian parte hartzeko izen-ematea ireki dute
Urriaren 10etik 13ra izango da aurtengo Buskers Donostiako kaleko musikaren jaialdia, eta Gipuzkoako hogei duo edo bakarlari arituko dira hainbat auzotako tabernetako terrazetan. Gaur ireki dute jaialdian parte hartzeko izen-emate epea, eta hilaren 26an itxiko dute. Esan bezala, duo formatuan edo bakarlari gisa jotzen duten musikariek ahal izango dute parte hartu, eta kontzertu guztiak akustikoak izango dira. Gainera, musikariek 18 urte baino gehiago izan beharko dituzte eta Gipuzkoan bizi beharko dute. Parte hartu nahi duten musikariek bi abestiko maketa bat bidali beharko dute jaialdiaren webgunearen bitartez. Bestalde, euren terrazetan kontzertuak izan nahi dituzten Gipuzkoak Ostalarien Elkarteko kide diren establezimenduek 943 31 60 40 telefonora deitu edo promociones@hosteleriagipuzkoa.com helbidera mezu bat bidali beharko dute.
Hautatutako duo edo bakarlari bakoitzak bi kontzertu emango ditu bi terraza desberdinetan, eta honakoa izango da kontzertuen ordutegia: urriaren 10etik 12ra (ostegunetik larunbatera), 19:30etik 21:30era, eta urriaren 13an (igandea), 12:00etatik 16:00etara. Musikaren munduko bost profesionalek osatuko dute jaialdiko epaimahaia, eta parte-hartzaileen arteo bost musikari edo duo hautatuko dituzte Gabonetako Azokan egingo duten finalera pasatzeko. 1.200 eta 800 eurokoak izango dira finaleko lehenengo eta bigarren sariak, hurrenez hurren, eta epaimahaiak emango ditu. Gainera, sari horien %50 Oiartzungo Rock Music dendan erabiltzeko txeke bat izango da. Bestalde, hirugarren saria 500 eurokoa izango da eta Ostalarien Elkarteak emango du.
Bigarren aldiz antolatu du Gipuzkoako Ostalarien Elkarteak Buskers jaialdia, eta azaldu dutenez, helburua da “Donostiako jarduera ludiko-turistikoa” auzoetara zabaltzera, eta “kaleko musika hiritarrei hurbiltzea, talentu berriak ezagutzera emateko”.