Etxebestetarren itzulera
Hamalau urte igaro dira ‘Aupa Etxebeste!’ filma aurkeztu zutenetik. Mugarria izan zen, eta euskarazko pelikularik arrakastatsuenetakoa da oraindik ere. Etxebeste familia protagonista duen beste film bat aurkeztuko dute aurten.
Aupa Etxebeste! filmeko une ikonikoa da Etxebestetarrak oporretatik «bueltan» herrira sartzen direnekoa. Herriko bandaren atzetik dator Etxebeste familiaren Mercedesa dakarren garabia, herritarren bozkario oihuen artean, udaletxe aurreraino, festen hasierako txupinazorako garaiz. Etxebestetarrek oporrak irabazi balituzte bezala, nolabait bada ere irabazi dituztenez.
Eszena hori berregin zuten filma Donostiako Zinemaldiko Zabaltegiko Zuzendari Berriak sailean aurkeztu zuten egunean, 2005eko irailaren 22an. Zurriola pasealekuan zehar Kursaalgo alfonbra gorriraino Bergarako Udal Bandaren laguntzarekin heldu ziren Ramon Agirre, Elena Irureta, Pako Sagarzazu, Iban Garate eta Iñake Irastorza aktoreak (filmeko Etxebestetarrak eta haien auzokoa), Asier Altuna eta Telmo Esnal zuzendariek gidatutako garabiak zekarren autoan.
Lau hormen arteko komedia
Inor gutxi egongo da, ikusi ez ez baldin badu ere, Aupa Etxebeste! filmaren nondik norakoak ez dakizkiena. Behinola bere familia aberastu duen txapela fabrika itxi baten jabea da Patrizio Etxebeste, herrian ezaguna eta hurrengo alkategaia. Hain ezaguna, ezen, Maria Luisa emaztearekin, Iñaki semearekin eta Luziano aitarekin oporretara abiatzear dagoelarik, txapela fabrika ixtean ordaindu gabe utzitako gizarte segurantzako kontuak direla-eta sosik gabe geratzen direnean itxura mantentzeko etxean sartuta igarotzen duten oporraldia, gainerako herritarrek Marbellan daudela uste duten artean.
Lau hormen artean garatzen da komedia, Patrizio, Maria Luisa, Iñaki eta Luzianoren arteko harremanek eta oporrak etxean ezkutatuta ahal bezala igarotzeko komeriek gidatzen dutelarik trama. Azkenean, Luzianok dioen bezala, «bizitzako bakaziorik onenak» egiten dituzte, eta beraien herriari «sekula sartu dioten ziririk handiena sartzen», Maria Luisaren hitzekin esateko. Filmak erakusten ez duen arren, herritarren «Aupa Etxebeste!» garrasiek aditzera ematen dute Patrizio alkate hautatuko dutela.
Lehortearen ostean
Aurkeztu zutenean publikoaren ikusminaren parekoa zen filmaren garrantzia kulturala. Egun hartaz irutxuloko hitzak jasotako kronikan aipatzen den moduan, hamabi urte ziren euskarazko film luzerik grabatzen ez zela. Anjel Lertxundik 1987an zuzendutako Kareletik izan zen erabat euskaraz emandako azken pelikula. 80ko hamarkadako «euskal zinemaren urrezko aroaren» ostean lehortea etorri zen 90eko hamarkadan, hein handi batean 2005ean Aupa Etxebeste!-k amaitu zuena.
Zinema munduko jende ezaguna egon zen Zinemaldiko aurkezpeneko emanaldian, baina baita politikariak ere. Asier Coloma kazetariak idatzi zuenez, besteak beste, Juan Jose Ibarretxe orduko EAEko lehendakaria, Joxe Joan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Ramon Etxezarreta Donostiako Kultura zinegotzia joan ziren Kursaalera.
Hasieratik bertatik zekarren, beraz, mugarri izateko kutsua Aupa Etxebeste! filmak, eta ez alferrik, orain dela bi urte, beste hamabi urteren ostean, Handia kaleratu zen arte euskarazko pelikularik arrakastatsuena baitzen. Egungo zinemagintzaren loraldiaren lehen kimuetako bat izan zen Aupa Etxebeste! eta bere bidetik etorri dira gero beste asko. Aipagarria da komedia honen ostean beste bi aurkeztu zirela hurrengo urteetan, biak ere aski arrakastatsuak: Kutsidazu bidea, Ixabel (2006) eta Eutsi (2007).
Familia bera, beste film bat
Honezkero hamalau urte igaro dira Etxebestetarren oporren bueltako filma aurkeztu zutela. Orduko hartan, ikusle batek «Euskal zinemaren film tipikoa» iruditu zitzaiola esaten zuen, eta oraindik ere hala da askoren memorian, tipikoa izateaz gain klasikoa ere bilakatu baita dagoeneko. Aurtengo Zinemaldiko Sail Ofizialean Etxebestetarren sagaren hurrengo atala argitaratuko dute, ekoizleen hasierako asmoa gauzatuz. Lehen filma egin berritan proposamenari uko egin zioten zuzendariek, baina orain horretarako une egokia dela uste dute. Esnalen eta Altunaren lehen film luzea izan zen Aupa Etxebeste!, eta geroztik hazi den euskal zinemagintzan zuzendari garrantzitsuak izan dira. Zehaztu dutenez ez da lehenaren bigarren zatia, pertsonaia berdinen bueltako beste pelikula bat baizik. Etxebeste familiako kideak berriro ere itzuliko dira, beraz, pantaila handira.