Gerardo Bujanda Saseta batailoiko gudaria hil da
Saseta batailoiko azken gudaria zen Gerardo Bujanda (Donostia, 1919), eta hil egin zen atzo, 100 urte zituela. Abuztuaren 25ean omendu zuten Bujanda Antiguan, eta EAJko ordezkari asko bildu ziren han. 17 urte zituen Sasetak 36ko Gerra hasi eta Euzko Gaztediko kide gisa Saseta batailoian izena eman zuenean. 1937an preso hartu zutenean, lau urte bortxazko lanetan eman zituen, eta ondoren, bost urte egon zen Afrikan erbesteratuta.
Euskal Herrira itzuli zenean, 1946 inguruan, klandestinitatean ibili zen EAJren arduradun gisa, baita Radio Euzkadin berriemaile lanetan ere, Jon de Igeldo ezizenarekin. Horren harira, ‘Jon de Igeldo’ Corresponsal clandestino de Radio Euzkadi liburua argitaratu zuen 2004an. Franco hil ondoren, diputatu izan zen 1977ko eta 1979ko hauteskundeen ondoren. Bestalde, 2003an Argizaiola saria jaso zuen Durangoko Azokan, Loiolako Herri Irratia sortzen egindako lanagatik.