"Kutxa Kultur jaialdia modari lotu zaio, eta estrategia logikoa dela iruditzen zait, baina nik ez dut izaera berri horretan sinesten"
Kulturari eta bereziki musikari buruz idazten duen freelance kazetaria da Jon Pagola. 2013an, hiru urteko ibilaldia izan zuen 'Kulturaldia' izeneko magazina sortu zuen. Egun, bere sinadura eta idazkera fina hedabide ugaritan topatu daitezke.
Zergatik Cohete taberna?
Hiru arrazoirengatik aukeratu dut. Lehenik eta behin, hemen dagoen musika ez delako gainerako tabernatan entzuten. Eguneko tabernatan ez, behintzat. Orain The Jackson 5 entzuten ari gara, baina sarritan rock-and-rolla, popa eta indiea ere jartzen dute. Musika alternatiboa entzutea atsegin dut.
Horrez gain, taberna Grosen egoteak badu bere eragina, Ategorrietan bizi naizelako. Egia esan, gutxitan joaten naiz Donostiako beste aldera. Askotan hemen elkartzen naiz lagunekin eta, etortzen naizen aldiro, ezagun gehiagorekin egiten dut topo.
Eta bueno, hirugarren arrazoia da jabeak nire lagunak direla.
Hiriko panorama musikalaren etengabeko erradiografia egiten duzu. Nola ikusten duzu Donostia?
Taldeei dagokienez edo hiriko eskaintzari dagokionez?
Lehenengo bata eta gero bestea.
Ados. Ba, taldeekin hasita, esango nuke hemen beti sortu izan direla gauzak. Popa eta roc-and-rolla egiten dutenen artean, esaterako, azken urteetan talde on batzuk atera dira: Baiona, Cosmic Sans…
Proiektuak eta estiloak loratzen doaz, baina egia da ere horrek ez duela geratuezineko mugimendurik eragin. Ez dago nolabaiteko jarraitutasunik, eta dena nahiko dibertsifikatuta dago. Zerbait falta zaio.
Duela hiru hamarkada sorturiko Donosti Sound korrontearen moduko zerbait, adibidez?
Agian, bai. Orain ez dago finkoa eta homogeneoa den eszena bat. Horren ordez, eszena txiki pila bat dauzkagu. Euskal Herrian, esaterako, postpunk, pop eta trap musika egiten duten talde indartsuak dauzkagu une honetan. Gauza onak egiten dira, baina sorkuntza sakabanatuagoa dago.
Donosti Sound korrontea bestelako zerbait izan zen. 1980ko hamarkadan hasi zen, Derribos Arias, Puskarra eta Decima Victima taldeekin. Gero, 1990etik aurrera, indiearen eztanda bat eman zen, eta Getxo Sound eta Xixon Sound korronteak ere sortu ziren.
Garai horretan labealdi indartsu bat egon zen Donostian, La Buena Vida, Le Mans eta Family-ren moduko taldeekin. Hain zuzen, taberna honen jabea La Buena Vidako gitarjolea izan zen. Orain, berriz, Ama taldeko kidea da. Hiri honetako musikariak asko birziklatu izan dira.
Eta hiriaren musika eskaintzari buruz, zer?
Hutsune garrantzitsu bat dagoela uste dut. Izan ere, Dabadabaz aparte, zer daukagu hiri honetan? Donostia Kulturak Dkluba zirkuituaren bidez egiten duena oso programazio kontserbadorea da. Urtero Gatiburen eta Deloreanen moduko taldeak ekartzen dizkigu, berrikuntza handirik egin gabe.
Eskaintza erakargarriagoa egiteko kontrapuntu bat falta da, Dabadaba ezin delako alternatibaren sustatzaile bakarra izan. Le Bukowskik jada ez ditu gauza asko antolatzen, eta Dokan kontzertuak bakarrizketekin nahasten dituzte. Musika eskaintzaren hutsune hori erakunde publikoek bete beharko lukete, baina egiten duten guztia aurrez ikus dezakegu.
Dabadabak bere diskoetxe propioa sortu du aurten: Elsa Records.
Bai. Asko mugitzen ari dira, eta laster denda bat ere irekiko dute euren lokalean. Underground musikaren proposamenak jasotzen ari dira, eta hori ongi dagoela iruditzen zait, baina guztia ‘dabadabizatu’ egin dela ere uste dut. Alegia, eskaintza guztia beraien eskuetatik pasatzen dela, gainerakoek ez dutelako ezer egiten.
Gaztetxeek indarra galdu dute, Mogambon egun ez dira gauzak antolatzen, Guardetxean aurten ez da ia kontzerturik egin… Eta Dabadaba, berriz, Glad Is The Day festibalean dago, eta Irun Zuzenean jaialdia ere bere gain hartu du.
Jaialdiekin jarraituz, datorren astean egingo dute Donostia Festibala. Zer iruditu Kutxa Kultur jaialdiaren izaera aldaketa hori?
Alde batetik, uste dut logikoa dela. Rockak eta indieak jende asko mugitzen ez zuela ikusita, jaialdia modarilotu zaio arrakastaren izenean. Horretan nik ez daukat interesik, baina estrategia gisa inteligentea dela iruditzen zait. Festibalaren sare sozialak kudeatzea eskaini zidaten, baina ezezkoa eman nien, izaera berri horretan sinesten ez dudalako.
Hainbat hedabidetan idazten duzu: Ruta 66, BI FM, Gaztezulo, FAN, Donostitik, Cambio 16 eta Mondo Sonoro-n. ‘Zazpiak bat’ freelance kazetaritzaren definizioa da orain?
Ba, bai. Zazpiak bat, eta oso prekarioa dena. Izan ere, hedabideetan idazteak ez dit dirurik ematen. Hori sareetan eginiko lanarekin eta ekoizten ditudan bideoekin lortzen dut.
Hedabideetan idazten badut, motibatzen nauen zerbait delako da. Kazetaria naiz, azken finean, eta idaztea ezinbestekoa da niretzat. Baina mundu prekarioa da, besteak beste, jende askok idazten duelako.
Kulturaldia magazina sortu zenuen 2013an. Zein helbururekin?
Madrilen bizi nintzela, faltan bota nuen Donostiako kultura eta asiari buruzko plataforma bat, eta hutsune hori betetzeko erronka hartu nuen. Esperientzia polita izan zen, baina hiru urte besterik ez zuen iraun.
Zergatik utzi zenuen?
Denbora eta ideia faltagatik. Kulturaldia-k ez zuen inolako laguntza ekonomiko publiko edo pribaturik jasotzen, eta nik hainbat lan konbinatzen nituen bizi ahal izateko.
Libreta bat ekarri duzu zenbait apunterekin. Zer diozu hor?
Donostiari buruz hitz eginez gero aipatu nahi nituzkeen zenbait gauza idatzi ditut.
Ba, esan, nola ikusten duzu hiria?
Oso pertsona ezkorra naiz, eta ez soilik Donostiarekin, ezagutzen ditudan hiri gehienekin baizik: Madril, Granada… Horiek ere okerrera doaz, homogeneizazio prozesu bat jasaten ari direlako. Nortasuna galtzen ari dira. Egun, Donostian, soilik txoko gutxi batzuek mantentzen dute oraindik benetako izaera propio bat.
Eta nola uste duzu egin behar zaiola aurre joera horri?
Ba, geratzen zaizkigun taberna eta espazio horiek zainduz eta indartuz, eta gauzak beste era batera eginez, noski. Baina hor bada ere amorratzen nauen beste gauza bat. Izan ere, nire inguruko jende gehiena kritikoa da Donostian jasaten ari garen inboluzioarekin, baina gero hauteskundeetako emaitzak ikusterakoan, harrituta geratzen naiz, donostiarrak oso pro-establishment direlako. Ezkerreko alderdiak atzean geratzen dira, eta EAJ-k eta Sisters and the city-ren hautagaiak irabazten dute. Irrigarria da.
Etengabe ari gara hitz egiten hiriak dituen arazoez, etxebizitzaren prezioaz eta abar, baina gero, bozkatzerakoan, hori dena ahaztu egiten zaigu. Julio Anguitak esan ohi du PP-k irabazi eta lapurtu egiten dizunean, errua alderdiarena dela; baina berriro ere bozkatzen baduzu, berriro ere lapurtzen dizunean, orduan bai, errua zurea dela. Ba, hemen arazo berdina daukagula esango nuke. Errua ez da Goia edo Gascorena, donostiarrona baizik.
HAMABIETAN BERMUTA. Patata tortilla pintxoa eta kafesnea.
Non. Cohete taberna (Gros).
Prezioa: 3,50 euro.