Sigfrido Koch Arrutiren begirada, egungo argazkilarien ikuspuntutik
Garrantzi handia izan zuen Sigfrido Koch Arrutik XX. mendeko azken hereneko euskal kulturan, argazkigintzan egin zuen ibilbideagatik. Horrela, erreferente bat izan zen argazkilari askorentzat.
Ikusleen arreta ez ezik, argazkilari profesional eta adituena ere deitzen dute Sigfrido Kochen argazkiek. Izan ere, “estilo propioa” zuen argazkiak egiteko garaian, Gari Garaialde (Irun, 1972) argazkilariaren esanetan. Azaldu duenez, haur bat zela ezagutu zituen Kochen argazkiak, “etxeko egutegietan” egoten baitziren, eta orduan hasi zen argazkiak beste era batera ikusten: “Garai hartan etxean oporretako argazki zaharrak egoten ziren soilik, amonaren etxean beste garai bateko argazki zuri-beltzak, beste mundu bat erakusten zutenak, eta gero Sigfridorenak zeuden, beste gauza bat erakusten zutenak, estilo propio bat”.
Jose Usoz fotokazetariak pertsonalki ezagutu zuen Koch, eta azaldu duenez, oso harreman ona izan zuten hasieratik. Argazkilari gisa baino gehiago, sortzaile gisa dauka Usozek Koch, estudiotik kanpo egiten zuen lanagatik: “Sortzaile bat zen. Bere obra gustatzen zitzaidan, baina gehiago gustatzen zitzaidan bera bakarrik joaten zenean naturaren argazki berezi horiek egitera, bere filtroekin, eta abar. Argazki horiek oso gustoko nituen”. Horren harira, mendian argazkiak egitera joan ondoren topatu zuenekoa gogoratu du barre artean: “Behin Oteiza eta Sigfridorekin topatu nintzen Aralartik zetozela. Biak goitik behera lokatzez zikinduta zetozen, eroak bezala”. Usozek azaldu duenez, erreferente bat izan zen Koch euskal kulturarentzako, baita berarentzako ere, “pertsona gisa”, batez ere.
Bestalde, egiten zuenak teknikoki meritu handia zuela nabarmendu dute Garaialdek eta Usozek, garaiko baliabideek eta gaur egungoek ez baitute zerikusirik. Usozek azaldu duenez, “gaur egun pentsaezina den denbora eta diru kantitate bat” behar zen, filtroekin probak egin behar baitziren, argazkiak errebelatu, aldaketak egin, eta abar. Garaialdek ere Kochen teknika nabarmendu du: “Edozein zelofan zati jartzen zuen estetika horiek bilatzeko. Bilaketa bat egin zuen eta oso emaitza interesgarriak izan zituen”.
Garaialdek Kochen obraren lehen etapa goraipatu du bereziki, arreta deitzen duelako: “Niretzat argazkigintza beti izan da jendearen arreta deitzeko zerbait. Horregatik, bere lehen etapa gustatzen zait, hori lortzen duela uste dudalako”. Ildo beretik jo du Usozek, Kochek erabiltzen zituen “filtro barreiatzaileek” bere obra berezia egiten zutela azalduz: “Fantasiazkoak ematen zuten bere argazkiak, baina ez ziren fantasiazkoak, gauzak ondo prestatzen baitzituen, filtroak sartuz. Oso definitua zuen filtro horiek erabiltzeko modua”.