Zinemaldiko sarreren salmenta irailaren 15ean hasiko da
Donostiako 67. Zinemaldirako sarrerak irailaren 15ean jarriko dituzte salgai, 09:00etatik aurrera, hurrengo lekuetan: Zinemaldi Plazako leihatilan (Kursaaleko beheko solairuan), Kursaal Elkarguneko leihatiletan eta Internet bidez, festibalaren webgunean.
Irailaren 20tik aurrera salmenta puntu gehiago zabalduko dira, Victoria Eugenia Antzokian, Tabakaleran eta Principen Zineman. Hurrengo egunean, berriz, Truebak eta Antigua Berri zinemek ere aukera hori eskainiko dute.
Proiekzioaren egunean bertan salduko diren sarrerak 08:30etik aurrera erosi ahal izango dira Internet bidez, lehenengo kategoriako filmen arratsalde eta gaueko saioetakoak izan ezik. Kasu horietan, sarrerak honela erosi beharko dira:
- 16:00etako saioen sarrerak salgai egongo dira 08:30etik aurrera interneten, Zinemaldi Plazako leihatiletan eta Kursaaleko leihatiletan.
- Arratsaldeko eta gaueko gainontzeko sarrerak 17:00etatik aurrera erosi ahal izango dira, Kursaaleko leihatiletan.
Pertsona bakoitzak gehienez lau sarrera erosi ahalko ditu saio bakoitzeko. 7,90 euro balio duten saioetarako hamar sarrera baino gehiago erosiko dituztenek %25eko deskontua izango dute salmenta puntu guztietan, baldin eta erosketa aldi bakar batean egiten badute.Internet bidez erositako sarrerak inprimatuta edo mugikorrean aurkeztu ahal izango dira.
Leihatilen ordutegiak, ordainketa moduak, deskontuak eta sarreren salmentari buruzko xehetasun guztiak Zinemaldiaren webgunean kontsultatu daitezke.