Haurdunaldi eta haziera taldeetan izena emateko epea ireki du udalak
Udalaren Donostia Gazteria sailak haurdunaldi eta haziera taldeak antolatu ditu aurten ere, 0-5: Haurren ongizatea oinarri programaren barruan. Irailaren 27ra arte egongo da zabalik izen-emate epea, eta ikasturte honetako berritasun nagusia iraupena da, urritik ekainera egongo baitira taldeak funtzionamenduan.
Udalak azaldu duenez, “helburua da elkarrekin egoteko konfiantzazko espazio bat eskaintzea haurdunei eta euren bikoteei, hala nola, gurasoei eta euren seme-alabei”. Zalantzak, ondo egindako gauzak, beldurrak, bizipenak, eta beste hainbat gauza partekatu ahal izango dituzte parte-hartzaileek taldeetan, eta bi adituk egingo dituzte dinamizatzaile lanak: Julene Armendariz Ezeiza pedagogo eta terapeuta perinatalak eta Estitxu Fernandez Maritxalar psikologa perinatalak. Taldeak Groseko haurtxokoan eta Jakintza ikastolan arituko dira, eta honako taldeak osatuko dituzte: Haurdunaldi taldea, 0-12 hilabete taldea, 1-2 urte taldea eta 3-5 urte taldea. Ordutegiak kontsultatzeko eta taldeetan izena emateko, Donostiako Udalaren webgunean sartu behar da.