Tabakalerako ikastaroetan izena emateko epea irekiko dute bihar
Haur, gazte eta helduentzako ikastaroak eskainiko dituzte aurten ere Tabakaleran, eta biharko 9:00etatik irailaren 25eko 14:00etara egongo da zabalik izena emateko epea. Askotariko kultur eta aisia jardueraz osatuta dago Tabakalerako ikastaroen programa, Gaztedi eta #izanezberdin zigiluekin.
Aurten, berritasun gisa, helduentzako urteroko eta udaberriko programak ekainera arte luzatuko dituzte, eta #izanezberdin nerabeentzat egindako programak hitzaldiak eta doako ikastaroak eskainiko ditu. Izena eman ahal izateko baldintzak irakurtzeko eta izena emateko, Kutxa Kulturren webgunean sartu behar da.
Donostia Kulturakoak ere
Ikasturte berriarekin batera, Donostian eskaintzen diren ikastaro guztietan izena emateko epeak zabaltzen ari dira, eta hori da Donostia Kulturaren ikastaroen kasua, atzo ireki baitzuten epea. Ikastaro batzuk jendez bete dira jada, baina izen-ematea oraindik zabalik dago, irailaren 27ra arte (10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara), hain zuzen. Hiriko edozein kultur etxetan eta Donostia Kulturaren webgunean eman daiteke izena.