ToxicoWatch fundazioak Zubietako oilategietako laginak hartu ditu erraustegiaren kutsadura neurtzeko
Herbehereetako ikertzaileek oiloen arrautzak eta pentsua jaso dituzte, eta baita lurzorutik eta azaleko eta lur azpiko uretatik ateratako hainbat lagin ere. Erraustegia piztu aurretik eta ondoren bildutako datuen konparazioa egingo dute urtero kutsadura maila neurtzeko.
Zubieta Lantzen elkarteak erraustegiaren kutsadura neurtzeko kontratatu duen ToxicoWatch fundazioko ikertzaileak Zubietako oilategi batean izan dira gaur, arrautzak jaso eta pentsuaren eta lurzoruaren laginak hartzeko. Astean zehar lagin gehiago biltzen ibiliko dira, bai landareenak eta bai azaleko eta lur azpiko urarenak ere.
Gaurko agerraldian azaldu dutenez, oiloen arrautzak aireko kutsadurak inguruetan izan dezakeen metaketaren adierazle onenetako bat dira, animaliak lurreko intsektuez eta zizareez elikatzen direlako. Egun hauetan Donostia, Lasarte, Usurbil, Hernani, Urnieta eta Andoaingo oilategiak bisitatuko dituzte, erraustegiarekiko distantzia ezberdinetako laginak jasotzeko.
Ingurunearen egoera zein den ezagutu nahi dute, erraustegia piztu osteko datuak ezagutzerakoan, kutsadura mailan aldaketarik egon den jakin ahal izateko. Fundazioaren ikerketak dioxinen, furanoen eta bifenilo polikloratuen (PCB) neurketan ardazten dira, eta Euskal Herriko beste erakunde baten laguntzarekin, ikerketak metal astunen behatze bat ere izango du.
Jasotako datuen analitikak laborategi akreditatuetan egingo dituzte, eta ikerketaren emaitzak publikoki argitaratuko dituztela iragarri dute Zubieta Lantzeneko kideek. Gainera, datuen bilakaeraren jarraipen bat egiteko, laginen bilketa urtero egingo dutela adierazi dute.
Zubieta Lantzenek azaldu duenez, “ikerketa independente eta inpartzial baten bidez” erraustegiaren eraginen jarraipen bat egin nahi dute, “gardentasun ariketa gisa”. Estatu mailan herritarren ekimenez egin den halako lehen ikerketa dela nabarmendu dute, bertakoentzako tresna bat izango dela azpimarratuz. Hain zuzen, egitasmoa aurkezteko joan den astean eginiko agerraldian, ikerketa “autodefentsa” modura egingo zutela adierazi zuten elkartekoek.