36ko gerrak Gipuzkoan utzitako "bizitza historiak" jaso dituzte erakusketa batean
Bihar inauguratuko dute Koldo Mitxelenan Gerra Zibila Gipuzkoan; Erresistentzia eta Duintasuna erakusketa. 36ko Gerraren 80. urteurrenarekin bat eginez, zazpi eremu dituen erakusketa komisariatu du Antoni Nicolau historialariak, eta abenduaren 28ra arte egongo da ikusgai. Gerraren gertakizunez harago, ondare immateriala berreskuratzeko eta memoria kolektiboa berridazteko helburuak ditu proiektuak.
Horregatik, erakusketaren ezaugarri nagusietako bat da “bizitza historiak” deiturikoek. Gertakizun historiko ezagunetan protagonista izan ziren pertsona batzuen bizipenak jasotzen dira, eta horiek objektuen dokumentu euskarri bat ere izango dute. Honela azaldu dute:”Ez dira museoko piezak, baina balio sinboliko berezia dute; izan ere, pertsona bati, bizipen bati, bizitza bati pertsonalki eta emozionalki atxikiak daude”. Erakusketa Aitzol Arroyo historialariak eta Aitor Azurki kazetariak garatutako proiektu bat da.
Erakusketaz gain, hainbat jarduera ere antolatu dituzte, edukia lantzeko asmoz. Hala nola, tailer parte hartzaile batzuk egingo dituzte, eta horiek “adin desberdinentzako eskaintza didaktiko zabal batean” kokatzen dira. Nicolauek diseinatutako metodologiaren bitartez, erabiltzaileek bisitaldi gidatuek eta jokoek osatzen dituzten tailerretan parte hartzeko aukera izango dute, “historiara beste modu batean gerturatzeko”. Tailerrak hilabetean behin izango dira, hileko azken ostiral eta larunbatetan; arratsaldez ostiraletan, eta goizez larunbatetan.
Ikus-entzunezkoak
Era berean, erakusketa osatzeko proiekzio areto bat prestatu dute, Victoria Eugenia antzokiko jatorrizko besaulkiekin. “Hura ere gertakarien lekuko mutua izan zen”, azaldu dute antolatzaileek. Han EITBk utzitako bi dokumental proiektatuko dituzte, eta, gainera, erakusketarako ikus-entzunezko bat ekoiztu dute. Azken horrek sei pertsonaren lekukotzak jasotzen ditu.
Azkenik, horma bat ere izango da erakusgai, gipuzkoarren 12.000 izen baino gehiagorekin. Gerraren protagonisten izenak dira, eta lehen aldiz izan dira bilduak erakusketa honetarako.