Antso Jakitunaren hiribideko berrurbanizazio lanak hasiko dituzte bihar
Amara Berri auzoko Antso Jakitunaren hiribideko bakoitien aldeko berrurbanizazio lanak hasiko ditu bihar Donostiako Udalak, eta 2020ko uztailerako bukatzea aurreikusten dute. Kaleko 32 parterreak eta inguruko baldosak kenduko dituzte, forjatuak hobetu eta garajeak iragazkaiztearekin batera. Udalak azaldu duenez, kaleko bakoitien aldeko espaloiak 11 metroko zabalera izango du, “zirkulazio berriak ahalbidetuko dituena eta dagoen merkataritzari bultzada emango diona”. Errepidetik hurbilen dagoen aldean, 6 metroko zabalera izango duen berdegune bat jarriko dute, orain dauden zuhaitzak mantenduz. Bestalde, kenduko dituzten parterretako palmondo batzuk hiriko beste toki batzuetan jarriko dituzte.
Antso Jakitunaren hiribidean obrak egingo dituztela aprobetxatuz, kale horretako faroletan LED teknoligia jarriko dute, hiriko hirugarren Smart kalean bihurtuz. Honako elementuak izango ditu Antso Jakitunak lanak egin ondoren: Argi-intentsitatea erregulatzeko sentsoreak, USB kargagailuak dituzten eserlekuak, pertsonen kontagailuak, inguruko merkataritza sustatzeko beacon teknologiak eta hiri-altzari berriak (eserlekuak, paperontziak eta bizikletentzako aparkalekuak).
Udalaren arabera, 1.357.241 euroko aurrekontua izango du proiektuak. Arabako parketik hurbilen dagoen etxe-uhartean hasiko dituzte berrurbanizazio lanak bihar, eta 2020ko urtarrilaren 14an bukatzea aurreikusten dute. Bestalde, bigarren etxe-uharteko lanak urtarrilaren 14tik apirilaren 10era egingo dituzte, eta hirugarrenekoak apirilaren 10etik uztailaren 13ra.