Hainbat bezerori egindako erasoengatik atxilotutako tatuatzailea epaituko dute gaur
2018ko otsaila hasieran tatuatzaile bat atxilotu zuen Udaltzaingoak, hainbat bezerori sexu eraso egitea leporatuta. Guztira, 21 salaketa jaso zituzten orduan haren aurka, eta Martin Ibabe segurtasun zinegotziak bere garaian jakinarazitakoaren arabera, jasotako salaketen artean arau hauste penalak eta sexu erasoak zeuden. Gaur hasiko dira tatuatzailea epaitzen, bezero zituen hamabi emakumeri eraso egitea leporatuta.
Fiskalak 21 urteko espetxe zigorra eskatu du akusatuarentzat, eta guztira, hamalau delitu egotzi dizkio: hiru sexu eraso, zazpi sexu abusu, hiru jazarpen eta behartze delitu bat. Erasoak salatu dituzten emakumeetako bi akusazio partikular gisa aurkeztu dira. Akusatuaren defentsak absoluzioa eskatu du gizonarentzat, emakumeen salaketak gezurrezkoak direla argudiatuta; gaineratu du ez dituztela “berme guztiak” errespetatu ikerketan.
Otsaila hasieran emakume batek Parte Zaharrean denda zuen tatuatzaileak egindako erasoa salatu zuen sare sozialen bitartez, eta horren ondorioz, Udaltzaingoak gertatutakoa aztertzeko ikerketa abiatu zuen. Gertakariak oihartzuna izan zuen hedabideetan, eta salaketak bata bestearen atzetik pilatzen hasi ziren. Lehen salaketa eta hiru egunetara atxilotu zuten tatuatzailea. Epaileak behin-behinean sartu zuen espetxean, eta ondoren, tatuaje dendaren erakusleihoa pintaketaz josi zioten.