Ulian ehiza baimentzeko erabakia atzerapausotzat jo du Elkarrekin Donostiak
Ulia eta Mendiolako ehizaren itzulera “oso negatiboa” dela adierazi du Elkarrekin Donostiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako neurriak herritarrek parkea “modu baketsuan gozatzea” oztopatuko duela argudiatuz. Aldundiak astelehenean eman zuen foru arauaren berri bere aldizkari ofizialean, Donostia eta Pasaiaren arteko mendian dauden 46 ehiza postu (36 daude Donostian eta hamar Pasaian) ohiko pasabideetako lerro eta postuen erregistroan sartu dituela azalduz.
Haizea Garay zinegotzia kezkatuta agertu da albistearekin, “hiri-inguruko parkea sendotzeko atzerapausoa delako”, eta Ulia mendiaren Kudeaketa Plana eta Bateragarritze-plana “inoiz baino beharrezkoagoak” direla azpimarratu du. Zentzu horretan, bere alderdiak joan den legegintzaldian plan horien onespena hainbat aldiz eskatu zuela gogoratu du Garayk: “Urtebete baino gehiago daramate onarpen prozesuan eta egoera berri honekin jarduteko unea da”.
Era berean, Enrique Ramos Ekologia zinegotziaren presazko agerraldia eskatu du Elkarrekin Donostiak, udalak Ulian hartuko dituen neurriak zeintzuk izango diren azaldu dezan. Izan ere, Uliakoa Hiri-inguruko parkea dela kontuan hartuta, herritarrek ingurune natural hori modu baketsuan gozatzeko duten eskubidea dutela ondorioztatu du Garayk.