30 eragile inguruk Ulian ehiza baimentzeko erabakia salatu dute
30 bat eragilek testu bat sinatu dute, Ulian ehiza baimentzeko erabakiaren harira. “Txundituta gaude, Foru Aldundiak Ulian ehiza berriz ere baimendu duelako”, adierazi dute. Ulian 2014tik debekatuta egon den ehiza berriz ere baimentzea aldundiak Ehiza Federazioari “emandako ordainetako bat” dela uste dute, Federazioak ehiza larriko hitzarmena sinatu dezan. Eragileen zerrenda osatzen dute Donostiako zein inguruetako taldeek, besteak beste, Eguzki talde ekologistak, Kalapie txirrindularien elkartea, Uliako Lore Baratzak, Haritzalde Natur elkarteak eta Fortuna mendi elkarteak.
“Txundituta gaude, lehenik eta behin, Uliak ez duelako ehiza larriarekin (basurde eta orkatzak botatzearekin, alegia) inolako zerikusirik, baina txundituta gaude, batez ere, aldundiak inolako erreparorik gabe sakrifikatu dituelako Uliako erabiltzaile guztion eskubideak, kolektibo partikular baten mesede hutsean. Eskandaluzkoa iruditzen zaigu”, azaldu dute sinatutako testuan.
Sinatzaileen ustez, erabakiaren bidez, aldundiak zeharo mespretxatu du erabiltzaileen iritzia. Gogora ekarri dute, era berean, Donostiako Udalak egindako galdeketa, eta esan dute “argi” geratu zela herritar gehienak Ulian ehiza debekatzearen alde daudela. Halaber, erabiltzaileon segurtasuna, tartean Donejakue Bidea egiten duten bertako eta kanpoko pertsona askoren segurtasuna, arriskuan jartzen duela gaineratu dute.
“Ulian ehiza ez egiteko gure argudioak ondo laburbilduta daude Ulia, parke segurua eta denontzat” izenburuko manifestuan, esan dute. Gainera, gogorarazi dute Aldundiak orain dela urtebete Uliako ehiza-debekua berresteko argitaratu zuen foru aginduan, beste hainbat argudio ere argitaratu zituela. Foru aginduaren zati bat txertatu dute testuan:
Proposamena [Ulian debekuari eustekoa] oinarritzen da ehiza jarduerak gune horretan beste aisialdiko erabilerarekin duen eragina kontuan hartuta. Mendi horretara biztanle dentsitate handiko herri guneetatik jende asko joaten da eta Gipuzkoako ibilbide homologatu garrantzitsuenetakoak elkartzen dira, hala nola, GR-121 Talaia, Santiago Bidea eta SL Gi 33 Uliako itzulia. Egoera horretan, ehiza jarduerak eragina handia du gainerako gunearen erabiltzaileentzat, bai tiroek sortzen duten zaratagatik bai pertsonen segurtasun fisikoengatik.
Zentzu horretan, aipatu behar da Donostiako eta Pasaiako udalek zenbaitetan bere kezka azaldu dutela horri buruz, eta Departamenduari eskatu diotela Ulia mendian ehiza ez baimentzeko, bi udalentzat mendiak parke periurbano izaera duen kontuan hartuta. Aurrekoekin lotuta, 2018ko ekainaren 8an, Ekonomia Garapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuan sarrera eman zitzaion ‘Ulia, hiri parke seguru bat denontzat’ izeneko mozioari, Pasaiako Udalak 2018ko maiatzaren 29an osoko bilkuran onartutakoa.
Horren aurrean, sinatzaileek hainbat eskaera egin dizkiete erakunde publikoei. Alde batetik, aldundiari iaz esandakoarekin “koherente jokatzeko” exijitu diote. Bestetik, herritar guztien eskubideak “kolektibo partikular baten mesedean ez sakrifikatzeko” eskatu dute. Era berean oroitu dute 2014an ehiza debekatu zutela Donostiako eta Pasaiako udalek hala eskatu zutelako, eta, horregatik, udalei koherenteak izateko eskatu diete, “Uliak parke seguru eta denontzat izaten jarrai dezan”.