'Argiak eta itzalak, Almodovar peto-petoa'
‘Dolor y gloria’
Zuzendaria: Pedro Almodovar
Urtea: 2019
Herrialdea: Espainia
Aste honetan iragarri dute Dolor y gloria, Pedro Almodovarren azken lana, Oscar sarietarako hautagai aukeratu dutela. Arrazoi horrengatik, zinema areto askok berreskuratu dute dagoeneko arrakasta handia izan duen filma, eta karteldegian dugu berriro ere. Gainera, berriki jakin dugu hastear den Donostia Zinemaldiko Made in Spain sailean ikusgai egongo dela ere bai. Norbaitek oraindik ikusi ez badu, beraz, ez dauka aitzakiarik.
Almodovarrek Salvador Malloren bizitza aurkeztu digu, gaixotasun baten ondorioz bere ibilbide artistikoaren amaieran dagoen zinema-zuzendariaren erretratua, hain zuzen. Istorioan fikziozko elementu asko txertatu baditu ere, ukaezina da bere bizipenetan oinarrituta dagoela, eta Dolor y gloria-n bere obsesioak, desirak, atsekabeak, itxaropenak, etsipenak, arrakastak eta oroipenak partekatzen dituela ikuslearekin. La ley del deseo eta La mala educacion pelikulekin batera, bere autobiografia osatuko du, gardentasun osoz, zuzendari txalotuaren atzean ezkutatzen den pertsona aurkeztu nahiko baligu bezala.
Heldutasunean bete-beterik sartuta dagoen Salvador Mallok (Antonio Banderas), bere gainbehera fisikoari eta profesionalari aurre egin beharko die. Bizitza osoa zinemari eskaini ondoren, zer egin dezake jarraitu ezin duenaren hutsunea betetzeko? Krisi pertsonal hori gaindu nahian dabilela, bere oroitzapenetara joko du bihotza arintzearren: haurtzaroa, gurasoekin Valentziako Paterna herrira emigratu eta kobazulo batean pozik bizi zireneko garaia (bertan sentitu zuen desira-sexuala lehen aldiz), eta, ondoren, 80ko hamarkadan, Madrilgo Movida mugimenduan murgilduta, lehen pelikulak filmatzen hasi eta ahaztezina den lehen amodioa bizi izan zuenekoa, besteak beste. Beheraldi hau jasaten ari dela, Filmategitik bere film bat aurkeztera gonbidatuko dute; bai bera eta bai filmaren protagonista ere, Alberto (Asier Etxeandia). Bata bestearekin haserre bazeuden ere, harremana berreskuratu beharko dute halabeharrez (eta tamalez, heroinarekiko mendekotasuna ere).
Plano guztiak sentsibilitate handiz filmatuta daude, Dolor y gloria Almodovarrek bere iraganarekin baketu eta eskerrak emateko hautatutako kanala izan delako. Benetan hunkigarria da, adibidez, film honekin bere amari egindako omenaldia: txikitan etorkizun oparoa izan zezan borrokatu zen ama (Penelope Cruz) eta heldutasunean, maite duen arren, gogor egiten dion ama (Julieta Serrano) maitasunez erretratatzen ditu uneoro. Ezinezkoa malkoari eustea lehenak tren geltokian estalkiaz tapatzen duenean, edo bigarrenak «ez zara seme ona izan» leporatzen dionean. Bi sekuentzia horiek bihotz anitz ukitu dituzte.
Antonio Banderasek aktore onenaren saria irabazi du Cannesko jaialdian Salvador Malloren paperarengatik, eta ez ha harritzekoa, bere ibilbideko antzezpen hoberena baita. Nola da posible film osoan zehar, Banderas ikusi beharrean, Almodovar ikustea pantailan? Asier Etxeandiaren lana ere aipagarria da, filmaren momentu gorenetako baten jabe baita: protagonistak idatzitako gidoi autobiografiko baten monologoa ozen irakurtzen duenean, hain zuzen. Dolor y gloria-ren azken sekuentzian adierazten digun bezala, ikusleak ez du inoiz jakingo zer zen errealitatean oinarritua dagoena eta zer den fikzioa. Nork daki? Horrelakoa baita Almodovarren izaera, muturrekoa: alde batetik, pertsona barnerakoia eta jasankorra, eta bestetik, pertsonaia arrakastatsua. Nahigabea eta zoriona, Dolor y gloria.