Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak bat egin du Zubieta Lantzen elkartearen lagin bilketarekin
Zubieta Lantzen elkarteak pasa den astean aurkeztu zuen erraustegiaren kutsadura kontrolatzeko egitasmoa. Aste honetan hasi dira ToxicoWatch fundazioko ikertzaileak laginak hartzen. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak bat egin du egitasmoarekin, eta gipuzkoarrei babesteko eskatu diete.
“Jakina da erraustegiek kutsadura eragiten dutela eta kaltegarriak direla ingurumenarentzako eta pertsonentzako. Jakina da ere batean eta bestean erraustegiek segitzen dutela martxan agintariek ez dituztelako behar bezala neurtzen eta kontrolatzen sortutako kutsadurak. Horregatik pozgarria da ikustea Zubieta Lantzenek sustatutako kontrol zientifiko ahalegina, beraien hitzetan esan bezala ‘amesgaizto honen aurkako autodefentsa neurri gisa’ aurkeztua”, azaldu dute.
Gipuzkoako Aldundiaren jarrera kritikatu dute: “Gipuzkoako agintari nagusiek ez dute kontuan hartu Gipuzkoan bertan dagoeneko udalerri askotan erakutsi dela badirela errausketarik gabeko alternatiba garbiagoak, merkeagoak eta osasuntsuagoak; ez dituzte kontuan hartu nahi Gipuzkoako herritarren gehiengoaren nahiak eta protestak”.
Zubiera Lantzenek abian jarritako egitasmoak gastuak dituenez, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak dirua lortzeko konpromisoa hartu du. Horrela, datozen egunetan crowdfunding edo diru-bilketa herrikoi bat abiatuko dute, norbanako eta eragileei zuzendua.