Atzerritarrak ere Realekoak egin ziren eguna
30 urte bete dira John Aldridge futbolari anglo-irlandarra Donostiara heldu zen egunetik. Liverpooleko jokalariaren fitxaketarekin, Realak soilik euskaldunekin jokatzeko ohitura zaharra apurtu zuen, klubaren historia betirako aldatuz.
John Aldridge eta Iñaki Alkiza Realeko presidentea, Liverpooletik etorritako jokalariaren aurkezpen agerraldian. (Argazkia: Javier Gallego - Kutxateka) Jendearen gehiengoak uste duenaren aurka, John Aldridge ez zen Realaren lehen jokalari atzerritarra izan. Bere aurretik beste hainbatek jantzi zuten kamiseta txuri-urdina, hala nola, Aridex Calligaris italiarra (1949-50 denboraldia) eta Agne Simonsson suediarra (1961-62). Horiez gain, Harry Lowe entrenatzaile ingelesak ere Realeko jokalari gisa debutatu zuen 1935ean, Valentziaren aurkako neurketa batean futbolari faltagatik aurrelari moduan jokatu behar izan zuenean. 48 urterekin egin zuen salto zelaira eta, geroztik, ligako jokalari zaharrenaren errekorra dauka.
Egia da, ordea, Aldridgen fitxaketak mugarri bat ezarri zuela Realaren historian. Izan ere, Simonssonek taldea utzi zuenetik, klub donostiarrak soilik futbolari euskaldunekin jokatzeko politika jarraitu zuen ia hiru hamarkadatan zehar. 1988tik aurrera, baina, ohitura horrekin apurtu eta nazioartera ere begiratzeko erabakia hartu zuen Realak, Bakero, ‘Txiki’ Begiristain, Lopez Rekarte eta Lorenen tamainako jokalarien irteerek behartuta.
Gauzak horrela, Iñigo Alkiza presidenteak Realeko ateak ireki zizkien berriro atzerritarrei. Eta ongi ireki ere. Izan ere, urtebeteko epean, klubak Richardson eta Atkinson ingelesak ere fitxatu zituen.
Geroztik, zaleei poz handiak eman dizkieten kanpoko jokalari ugarik jantzi dute elastiko txuri-urdina: Kodro, Kovacevik, Karpin, Nihat, Bravo, Vela, Griezmann… Eta Realaren harrobiak beti bezain indartsu jarraitu du. Jokaldi bikaina, ez da hala?

