Eneko Goia alkateak 'Bidegi auziko' lekuko gisa deklaratu du
Gaur goizeko 9:30ean zegoen Eneko Goia Donostiako alkatea deklaratzera deituta Bidegi auzia dela eta, eta bi ordu eman ditu deklarazioa ematen. Azpeitiko 2. instrukzio epaitegian deklaratu du Goiak, eta irtetean “lasai” agertu da “testigu gisa eskatu zaizkidan galderak erantzutera etorri naiz, eta kitto” adieraziz. Berria egunkariak eman du albistea.
Bidegi auziaren harira, kontzientzia “oso lasai” duela eta gaiarekiko “inongo zalantzarik” ez duela adierazi du. Bestalde, alkatea ez da pozik agertu deklaratu behar izanarekin: “Ez da atsegina halako irudiak ematea; ziur baten batek hori zuela helburu gaurkoarekin”.
Gipuzkoako Lurralde Epaitegiak ekainean iragarri zuen Goia eta Felix Urkiola Lazkaoko alkatea ohia deklaratzera deituko zituela. AP-1eko obretan egin gabeko lan batzuengatik ordaindu izana ari da ikertzen Gipuzkoako Lurralde Auzitegia Bidegi auzian, eta bi kereila jarri zituen orduan Gipuzkoako Foru Aldundiak horren harira, EH Bildu gobernuan zegoela. Goia Azpiegitura diputatua zen garai hartan, eta “kereilaren aztergaiaren gainean eztabaidatu eta erabakitzeko bilera batean parte hartu zuelako” deitu dute deklaratzera. 2011ko urtarrilaren 24ko Gipuzkoako eta Arabako diputazioek osatutako Batzorde Mistoaren bilera da Lurralde Auzitegiak aipatzen duen bilera, Goia izan baitzen batzorde horretako burua.