"Hoberena ematen jarraitzea dagokigu"
Donostiako Atletikoko softbol taldeak sei titulu irabazi ditu azken bost urteetan. Abuztua amaieran lortu zuen azkena, Bulgarian, Europako txapelketako finala irabazita. Orain, berriz, ligako finaleko play-offetan murgilduta dabil, CBS Rivasen aurka. Joan de asteburuko bi neurketak galdu ostean, egoerari buelta eman eta denboraldiari amaiera ezin hobea ematen saiatuko dira donostiarrak. Rebeka Carrera (Orio, 1982) kapitainak konfiantza osoa du bere taldekideengan.
Europako ametsa bete berri duzu. Nola sentitzen zara?
Gogobeteta. Hainbeste urteko lanaren ostean, liga eta kopa dezente irabazi ditugu, baina Europakoak ihes egiten zigun. Aurtengoa laugarren saiakera zen guretzat, eta duela bi urte, gainera, txapeldunorde geratu ginen. Hortaz, garaipen honekin arantza hori kendu ahal izan dugu. Azken urteetan, tituluak irabaztera ohitu gara, baina Europako txapelketarekin koroa lortu dugu.
Orbanik gabeko txapelketa egin duzue.
Bederatzi partidatik, bederatzi irabazi ditugu. Lehen norgehiagoka pixka bat kostatu zitzaigun, baina egunek aurrera egin ahala, hazten joan ginen. Hala ere, eta emaitzak ikusita kontrakoa pentsa daitekeen arren, aurkari oso gogorrak izan genituen. Baina defentsan oso ondo aritu ginen, eta hortik abiatuta, gure jokoa behar bezala eraikitzeko gai izan ginen.
Finalean 10-0 irabazi zenuten Ingalaterrako The Mixen aurka. Espero al zenuten halakorik?
Ez, finalerako beldur gehien ematen zidan taldea zelako. Txapelketaren bigarren jardunaldian beste partida bat jokatu genuen haien aurka, eta garaipena lortu bagenuen ere, agerian geratu zen talde oso indartsua zutela.
Partida defentsan hasi genuen, eta baseak segituan bete zizkiguten. Gauzak, hortaz, ez ziren ongi hasi, baina guri erasotzea tokatu zitzaigunean asko estutu genituen, eta pixkanaka beherantz joan ziren, emaitza horrekin amaitu arte.
Titulu mordoa eskuratu duzue azken urteetan, baina donostiar askok ez dakite oraindik hirian softbol talde bat dagoenik ere.
Europakoaz gain, azken lau urteetan hiru liga eta bi kopa irabazi ditugu, baina jende gehienak ez du kirola ezagutzen. Hala ere, tituluengatik edo Loiolako Erriberan entrenatzen ikusi gaituztelako, pixkanaka gero eta pertsona gehiagok dauka gure berri.
Guk irabazitakoa Realak lortu izan balu, oihartzuna egundoko izango litzateke, baina niri ez zait inporta telebistan ez ateratzea. Bizi duguna ederra da norbanakoarentzat, eta nahikoa dut horrekin. Baina egia da ere ilusio handia sentitzen dizula kaletik norbaitek ezagutu eta zoriondu egiten zaituenean.
Ligako finaleko play-offa porrotarekin hasi zenuten CBS Rivasen aurka. Dena asteburu honetan erabakiko da. Nola ikusten duzu egoera?
Rivas menderaezina izan da ligan, eta ez du partida bat bera ere galdu. Fitxaketa onak egin dituzte eta talde garaile bat diseinatu dute.
Joan den asteburuan etxean jokatutako bi neurketak irabazi egin zituzten, eta badakigu orain datorkiguna ere gogorra izango dela. Hala ere, ez dugu amore emateko asmorik, eta gauzak zail jartzen saiatuko gara.
Lortu duzuen guztia ikusita, ezin aukerarik baztertu, ezta?
Play-offeko lehenengo partida jokatuko bagenu bezala irtengo gara asteburuan zelaira, aurreko emaitzak eta aurrez aurre dugun aurkaria zeintzuk diren kontuan hartu gabe.
Dena dela emaitza, guk lan ona egin dugu honaino iristeko, eta azkenean liga Rivasek irabazten badu, hoberenak izan direlako izango da.
Liga tituluaz gain, Women’s European Premiere Cup -erako pasea jokatuko duzue.
Hala da. Europako txapelketa irabazi dugunez, gure ligako txapeldunak datorren urteko Premiere Cup-a jokatzeko aukera izango du. Kontinenteko lehiaketa garrantzitsuena, alegia.
Hortaz, esan daiteke play-off hauetan interes bikoitza daukagula. Pena izango litzateke ligarentzako pasea eskuratu eta guk ez aprobetxatzea, baina horrela dira gauzak. Guri berriro ere hoberena ematea dagokigu marka berriak lortu eta zaleei poztasunak ematen jarraitzeko.