Tedoneko lekak, bakoitzak nahi erara
OSAGAIAK
-225 gramo leka
-Bost onddo
-Bost otarrainxka
-Ahabiak (nahi beste)
-Ahuakate bat
-Osagai sekretua
PRESTAKETA
Tedone jatetxeko platerik kuttunena prestatzeko jarraibidea azaldu digu Beltzak, nahiz eta osagai sekretu bat gorde duen berarentzat.
Platerarekin hasteko, lekak zati txiki txikietan moztu behar dira, japoniar erara. Behin lekak moztuta, kazola bat urez bete eta zortzi edo hamar minutuz egosiko ditugu hor. Tedonen inguruko baserrietako lekak erabiltzen saiatzen dira beti.
Ondoren, bi aukera dauzkagu. Plater begetariano bat nahi badugu, onddoak zatitu eta bere saltsan egin ditzakegu. Bestela, otarrainxkak egosi eta lekei batu diezazkiekegu, osorik edo zatituta.
Gero, ahuakatea zati txikitan moztu eta gainerako elikagaiekin batera jarriko dugu. Azkenik, ahabia gorriak bota eta horien zukuarekin janariaren inguruan borobil bat marraztu. On egin!
Beltza, Tedone jatetxea
“Erabiltzen ditugun jakien %70ak jatorri ekologikoa du. Horretan ardazten dugu gure eskaintza”
Elikadura ekologiko eta osasuntsua sustatzen duen jatetxea da Tedone. Groseko kale Laburrean dago, eta bere jabeak, Beltzak, eskaintza gastronomikoa kultur proposamenekin gozatzen du astero.
Tedone jatetxe ekologikoa da. Zer topatuko dute bezeroek platerean?
Bertako produktuekin eginiko gauzak. Erabiltzen ditugun jakien %70ak jatorri ekologikoa du, eta gure eskaintza horren inguruan ardazten dugu.
Eta sukaldaritzari dagokionez?
Gure plater gehienak begetarianoak eta beganoak dira, baina horiez gain, arrainekin eginiko bi plater eta haragia duen beste bat eskaintzen ditugu beti.
Eskaintza kulturala ere baduzue. Hori ere bertakoa, ezta?
Bai, noski. Badira zazpi urte jatetxean afari-solasaldiak antolatzen hasi ginenetik, eta epe horretan 85 bat egin ditugu. Astero egiten ditugu, eta gai ugariri buruz hitz egin dugu mahaiaren bueltan. Besteak beste, Maialen Lujanbio, Fito Rodriguez, Pako Etxeberria, Eider Rodriguez eta Jon Maia pasa dira hemendik, eta urritik aurrera gonbidatu berri gehiago izango ditugu.
Donostiako zein jatetxe gomendatuko zenuke?
Intxaurrondo Makrobiotika Elkartea, leku alternatibo eta paregabea delako.