Zinekluben sare bat sortzeko elkartuko dira
Euskal Herriko Zinekluben Topaketa antolatu du Kresala Zineklubak biharko, eta egun osoko egitaraua egongo da.
Zinema giroa izango da nagusi bihar Tabakalerako laugarren solairuan, Euskal Herriko 20 zineklub baino gehiagotako 50 bat ordezkari bilduko baitira Kresala Zineklubak antolatutako lehen topaketan. Ander Gisasola, Paul Ormaetxea eta Leire Egaña Kresala Zineklubeko kideek azaldu dutenez, Euskal Herriko gainontzeko zineklubekin “harremana sortzeko beharra” ikusi zutelako erabaki zuten topaketa antolatzea. Gainera, beste herrietako zineklubek ere behar hori ikusten zutela aipatu du Gisasolak. Egañaren arabera, inguruko zineklubek nola egiten duten lan ikusi ahal izango dute, eta horrek “fresko mantentzen” lagunduko die.
Aurtengo topaketa, lehenengoa izanik, Euskal Herriko zineklubei soilik dago zuzenduta, zinekluben sare bat sortu eta elkar laguntzeko helburuarekin. Hala ere, Ormaetxeak azaldu duenez, aurtengoa ondo badoa, posible da hurrengo urtean Espainiako Estatuko zineklubak ere gonbidatzea, eta Kresala Zineklubaren 50. urteurrenari begira (2022an), baita gainontzeko herrialdeetakoak ere.
Topaketa bereziki zinema munduko jendearentzat zuzenduta badago ere, edonor ikusle moduan joan daitekeela gogoratu dute antolatzaileek, beti ere, beraien webguneko inskripzio orria betetzen badute. Izan ere, Egañak gogoratu du ikusleen parte-hartzea dela zinekluben gakoetako bat.
Egun osoko egitaraua
Parte-hartzaileek hainbat jarduerataz gozatu ahalko dute 10:00etatik 19:00etara. Izan ere, 10:00etan akreditazioak banatu eta 10:15ean ateak ireki ondoren, Zinekluben egoera eta etorkizuna hitzaldia emango dute Fas (Bilbo), Ozzinema (Errenteria), Matadeixe Zinetogram (Azkoitia) eta Lehen saioa (Iruñea) zineklubetako ordezkariek.
Atsedenaldi baten ondoren, 12:15ean, Zinekluben arteko elkarlana hitzaldia emango du Julio Lamañak, nazioarteko zinekluben federazioko idazkari nagusiak. Elkarrekin bazkaldu ondoren, zinema banatzaileekin merkatua egingo dute. Azkenik, topaketaren ondorioak aterako dituzte, eta film baten proiekzioarekin bukatuko dute.