Arte Ederretako sabaia eraitsi edo ez erabakitzeko epea luzatu dute
SADEk, eraikinaren jabeak, sabaia eraisteko lizentzia eskatu zuen apirilean. Baiezkoa ala ezezkoa eman aurretik, udalak eraikinaren estruktura aztertu nahi du, eta horretarako epea luzatzea onartu du enpresak.
Udalak irailaren 16rako erabaki beharko du ea SADE enpresari Arte Ederretako besaulkien gelako sabaia eta barruko egiturak eraisteko baimena ematen dion edo ez. Enpresak apirilean egin zuen eskaera, eraikina erortzeko arriskuan dagoela eta egonkortzeko lanak “presazkoak” direla argudiatuz.
Erabakia hartzeko, udalak estrukturaren ikuskapen tekniko bat egingo du, materialak eta arazo posibleak aztertuz, eraikinaren egoera ebaluatzeko. Azterketa orain arte atzeratu da horretaz arduratu behar zen arkitektoak ezin izan duelako egin.