Irailaren 20an hasiko da Zinemaldi Alternatiboa
Erresistentzia eta disidentzia askotarikoen bozgorailu izan nahi duen zinema jaialdia hamaikagarrenez egingo dute aurten, hiriko hainbat gune autogestionatutan eskainiko diren emanaldiekin. Iñigo Muguruzaren omenezko saioa ere egingo dute irailaren 27an.
Donostiako Zinemaldi Alternatiboa edo SSIF-a (San Sebastian Insurrectionary Fandango Festival) bueltan da. Irailaren 20tik urriaren 1era bitarte, hamar film eta dokumental eskainiko dituzte hiriko hainbat gune autogestionatutan egingo diren saioetan.
2006an sortu zenetik, jaialdiak “erresistentzia eta disidentzia askotarikoen bozgorailu izatea” bilatu du, “zinema, gozamena, kritikotasuna eta aldarrikapena uztartuz”. Lehen festibalaren ostean, Zinemaldi Alternatiboa antolatu gabe geratu zen hiru urtez, 2010ean Groseko Kortxoenea gaztetxean berreskuratu zuten arte. Geroztik, urtero antolatu dute, hiriko hainbat kokapenetan.
Aurten, Letaman (Intxaurrondo), Kijera (Parte Zaharra) eta Txantxarreka (Antigua) gaztetxeetan, Marruma Elkartean (Gros), Firestone Lantegi Berreskuratuan (Añorga) eta Txoko Internazionalistan (Egia) eskainiko dituzte emanaldiak.
Berezitasun gisa, jaialdiak irailean zendu den Iñigo Muguruza musikariaren omenezko saioa izango du irailaren 27an, Txantxarrekan. Hor, LOU, dantzan jo ta ke, oinak lehertu nahian dokumentala proiektatuko dute, bertan elkarrizketatuetako bat Iñigo bera delarik, eta emanaldiaren aurretik Muguruzaren Nahia film laburra ere jarriko dute.
Jarraian, egunez eguneko egitaraua:
- Ostirala 20, Letaman gaztetxean (Intxaurrondo)
Poble Rebel dokumentala, Katalunia disidentearen historia 73tik. Ondoren solasaldia Kataluniako egoeraren berri zuzena duten lagunekin. - Astelehena 23, Kijera gaztetxean (Parte Zaharra)
Precaristas, Kanaria Handiko etxebizitzaren egoerari eta Sindicato de Inquilinas de Gran Canariaren antolakuntzari buruzko dokumentala. - Asteartea 24, Marruma Elkartean (Gros)
MARRUMA KULTURALAK ekimenaren eskutik, Joxean`s Hil Eben eta Ataun Of The Dead filmak. - Asteazkena 25, Marruma Elkartean (Gros)
MARRUMA KULTURALAK ekimenaren eskutik, Napardeath filma. - Osteguna 26, Kijera gaztetxean (Parte Zaharra)
BIZILAGUNEKIN plataformaren eskutik, Tot Inclós dokumentala, turismoak Balear Irletan eragindako kalteei eta ondorioei buruz, - Ostirala 27, Txantxarreka gaztetxean (Antigua)
LOU, dantzan jo ta ke, oinak lehertu nahian dokumentala + Iñigo Muguruzak zuzenduriko Nahia laburmetraia. - Irailak 29, Firestone Lantegi Berreskuratuan (Añorga)
Bide zuzena, ibilbide OKERRAK dokumentala, Gasteizko LGTBQ mugimendua 1993-2018. Ondoren, solasaldia zuzendariarekin eta Harroko kideekin. - Urriak 1, Txoko Internazionalistan (Egia)
Komite Internazionalistaren eskutik, Yallah Yalla dokumentala, Ondoren solasaldia Cristian Pirovano zuzendari argentinarrarekin.