Akordioa sinatu dute auzipetuek, baina Enparantzak eta Zuluetak bost hilabeteko espetxe zigorra bete beharko dute
Gaur goizean, 10:00etan, hasi da Madrilen 11/13 sumarioko epaiketa, eta handik gutxira, amaitutzat eman dute. Auziko aldeek akordioa egin dute, eta auzipetutako 47ek onartu egin dituzte leporatutako akusazioak. Antiguako Jon Enparantzak eta Arantza Zuluetak, espetxera joan beharko dute, izan ere, “talde terroristako buruzagi” izatea leporatu diete. Enparantzari bi urte eta zapi hilabeteko zigorra ezarri diote, eta Zuluetari hiru urte eta sei hilabeteko zigorra. Hala ere, bost hilabete egingo dituzte preso, aurretik behin-behinean egindako espetxealdian egindako epea kenduko baitzaie.
Gainerako 45etako batzuek bi urteko zigorra jasoko dute, eta besteek urtebete eta sei hilabetekoa. Hori dela eta, ez dute espetxera sartu beharko. “Erakunde terroristako kide” izatea egotzita, fiskalak 601 urteko espetxe zigorra eskatu zuen guztira, baina akordioaren ondorioz, leporatutako delituak aldatu egin ditu. Epaia atera eta sententzia irmo egin ostean jakinarazpena jasotzen dutenean, Enparantzak eta Zuluetak hamar egun izango dituzte espetxean euren burua aurkezteko.
Gehienek espetxe zigorra saihestu duten arren, beste zigor batzuk ere jasoko dituzte, esaterako, hiru urterako inhabilitazio absolutua izango dute epaitu guztiek. Horietako hamaseik arlo publikoan egiten dute lan, eta hiruk betiko galduko dute lanpostu publikoetarako lortutako plaza. Halaber, Amaia Izko EH Bilduko Iruñeako zinegotziak kargua utzi beharko du. Izkok adierazpenak egin ditu epaiketa amaitu ostean, eta adierazi du “modu kolektiboan” erabaki dutela akordioa onartzea. Abokatuaren ustez, Enparantza eta Zuluetaren konpromisoa dago oinarrian, “irtenbidea ahalbidetzeko arlo pertsonala sakrifikatzea erabaki dutelako”.
11/13 sumarioko epaiketan auzipetuen aldeko elkartasun ekintza eta jarduera ugari antolatu dituzte Euskal Herriko herri eta hiri askotan, eta larunbatean manifestazio jendetsua egin zuten Bilbon, Giza eskubideak. Askatasuna. Etorkizuna. Herrian lelopean. Donostian, bost izan dira epaitutako herritarrak, eta horien auzoetan hainbat egitasmo egin dituzte, babesa adierazteko.