'Argia'-k bere 100. urteurrena ospatuko du Donostian urriaren 12an
Argia aldizkariak bere mendeurrena ospatzeko festa egingo du Donostian urriaren 12an, egun osorako egitarau zabalarekin. Hain zuzen, hainbat motatako ekitaldiak antolatu dituzte jaia denek gozatu dezaten: ibilaldiak, dantza eta kalejira, pailazoak, kontzertuak, bazkari herrikoia…
Festa doakoa eta librea izango da, eta bertan parte hartzeko gonbita luzatu die hedabideak herritarrei. Gainera, bezperan beste ekitaldi bat egingo dute, Trinitate plazan, Napardeath film trilogiaren emanaldiarekin.
Jarraian, Argia-ren mendeurren festako egitaraua:
- 11:00etan, Trinitate plazatik hasita: Zomorro bila Urgullen. Iñaki Sanz biologoa eta Eñaut Aiartzaguena marrazkilariak gidatuta.
- 12:00etan, Trinitate plazatik hasita: Ibilbide historikoa kalez kale. Txistulariek gidatuta, Urko Apaolaza historialariaren azalpenekin eta Beñat Gaztelumendi eta Miren Artetxe bertsolariek zirikatuta.
- 13:00etan, Konstituzio plazan: Soka-dantza.
- 14:00etan, Trinitate plazan: Bazkari herrikoia. Saizar garagardo barrika, mahaiak eta aulkiak. Janaria bakoitzak berea eraman.
- 16:00etan, Trinitate plazan: Pobresiak emanaldia.
- 17:00etan, Zuloaga plazan: Pailazoak. Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior-en emanaldia.
- 18:00etan, Trinitate plazan: NAN arrotzen jaurtiketa txapelketa.
- 19:00etan, Trinitate plazatik abiatuta: Kalejira dantzaria.
- 20:30ean, Kontzertuak: Amaren Alabak, Mursego, Balerdi Balerdi eta Niño Coyote eta Chica Tornado.