Ikerketa batek frogatu du Euskaraldiak “nabarmen astindu zituela” parte hartu zutenen hizkuntza jokaerak
Herritar euskaltzaleak aktibatuta, hizkuntza ohiturak aldatzea izan zen iazko azaroan egindako lehen Euskaraldiaren helburua. Hamaika egunez, 225.000 lagunek parte hartu zuten egitasmoan, eta horietatik 17.659 donostiarrak izan ziren, 12.849 ahobizi gisara eta 4.800 belarriprest moduan. Orain, horren eragina aztertzeko asmoz egindako ikerketa baten emaitzak aurkeztu dituzte. Horretarako, 18.400 lagunek erantzundako hiru galdetegiren emaitzak hartu ditu kontuan Soziolinguistika Klusterrak, eta 450 laguni ikerketa kualitatiboa egin diete.
Soziolinguistika Klusterrak emandako datuen arabera, lagina Euskaraldian izena emandako populazioarekin alderatuz, antzeman daiteke zertxobait femeninoagoa dela. Era berean, ahobizi-en presentzia handiagoa izan da, eta adinean zein lurraldeen banaketa nahiko paretsua.
Ikerketan, alde batetik, euskararen erabilera areagotzeko orduan Euskaraldiak zer eragin izan duen aztertu dute. Bestetik, egitasmoaren inguruan parte-hartzaileen artean sortu zituen iritziak eta bizipenak nolakoak izan ziren jaso ditu. Lehen euskaraldiak “nabarmen astindu zituen” parte hartu zutenen hizkuntza jokaerak ariketaren hamaika egunetan. Gainera, hiru hilabete beranduago, aldaketa horiei “proportzio altuan eutsi egin” zitzaiela ikusi dute. Hori izan da Euskaraldia I. Emaitzen azterketa ikerketatik atera duten ondorio nagusietako bat. Bestalde, azterketaren emaitzak aurkezteko klusterrak osatu duen txostenean, bederatzi ondorio osatu dituzte:
- 1. ondorioa: Euskaraldia ariketa soziolinguistiko gisa planteatu da, eta datuen argitan esan daiteke ariketa egoki gauzatu dela. Parte-hartzaileek neurri handian bete dituzte eskatutako eginkizunak. Hobetzeko tarterik egonda ere, parte-hartzaile gehienak zinez saiatu dira hartutako konpromisoak betetzen. Hala, esaterako, ahobizi-ek betetze maila altua izan dute ulertzen dutenekin euskaraz egiteko jardunean, bai eta ezezagunekin lehen hitza euskaraz egiteko zereginean ere. Belarriprest-entzat nekezago suertatu da euskaldunei euskaraz aritzeko eskaera luzatzea, kasurik gehienetan jokabide arrotzat hartu delako.
- 2. ondorioa: Parte-hartzaileen hizkuntza erabilerari dagokionez aldaketa handiak ekarri ditu Euskaraldiak ariketaren 11 egunetan, eta aldaketari proportzio esanguratsuan eutsi zaio Euskaraldia bukatu eta hiru hilabetera ere. Oro har, parte-hartzaileen hizkuntza jokaerak nabarmen astindu dira Euskaraldiak iraun duen bitartean. Parte-hartzaile askok aipatu du testigantzetan ariketa motza geratu zaiola, hamaika egun ez baitira egun asko. Hala eta guztiz ere, hizkuntza jokaera berriaren arrasto esanguratsuak gelditu dira Euskaraldia bukatu eta hilabeteek aurrera egin ahala.
- 3. ondorioa: Hizkuntza bilakaera orokorrak baino aldaketa handiagoak egin dituzte euskaraz mintzatzeko gaitasun txikiagoa dutenek, euskaraz egiteko ohiturarik gutxien dutenek, eta gune soziolinguistikorik erdaldunenetan bizi direnek. Aldiz, ez dute hainbesteko aldaketarik egin Euskaraldiaren hasieran hizkuntza gaitasun altua erakutsi dutenek, jada euskaraz egiteko joera nabarmena dutenek, eta gune soziolinguistikorik euskaldunetan bizi direnek.
- 4. ondorioa: Aldaketak orokorrak izan dira ahobizi eta belarriprest-entzat. Denek egin dute aurrera euskararen erabileran. Baina aldaketarik handiena egin dutenak ahobizi euskaldun hartzaileak izan dira. Ondoren datoz belarriprest euskaldun hartzaileak; hirugarrenik, belarriprest euskaldun osoak; eta azkenik, ahobizi euskaldun osoak. Garrantzitsua da azpimarratzea Euskaraldiak sortutako dinamika orokorrak nola bultzatu dituen belarriprest-ak modu naturalean euskara erabiltzera.
- 5. ondorioa: Euskaraldian ahobizi euskaldun osoa kategoria kopurutan guztiz nagusitu bada ere, datuek beste aukera batzuen aberastasuna ere utzi dute agerian:
- a) Euskaraz hitz egiteko muga batzuk izan arren, ahobizi eginkizunari heltzeko aski adorea izan dutenak (ahobizi euskaldun hartzailea).
- b) Euskaraz hitz egiteko arazorik ez eduki arren belarriprest eginkizunari heldu diotenak (belarriprest euskalduna).
- c) Euskaraz aritzeko zailtasun nabariak eduki eta belarriprest zereginean aritu direnak (belarriprest euskaldun hartzailea). Euskaraldiaren dinamika orokorrak kategoria guztien hizkuntza jokaeran izan duen eragin positiboa ikusita, interesgarria litzateke azpimarratzea belarriprest figura aberatsaren bidez zein aukera onak zabaltzen zaizkion Euskaraldiari populazioaren sektore berriak euskararen dinamikara erakartzeko.
- 6. ondorioa: Ikusten da bi mekanismo sakon abiatu dituela Euskaraldiak euskararen erabilera bultzatzeko garaian. Lehena, gizarte hitzarmenaren mekanismoa. Hau da, txapa identifikagarriei esker jende askok (ahobizi-ek bereziki) bultzada handia sentitu du euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiteko. Bigarrena, hizkuntza simetriaren mekanismoa. Hots, batzuek euskara erabiltzeak besteei euskaraz erantzuteko beharra piztu die. Bi mekanismo horiek elkar elikatu dute joan-etorrian euskararen erabileraren gurpila abian jartzeko.
- 7. ondorioa: Euskaraldiak euskararen erabilera indartzeko baldintza sozio-afektiboak eraikitzen asmatu du. Giro babesle eta irekia sortu du. Hala nola, euskaraz egin nahi zuenak zilegitasun soziala nabaritu du lasaitasunez jokatzeko eta hainbatek zentzua ikusi dio hizkuntza nagikeria gainetik kentzeko. Zailtasunak zituenak euskaraz egiteko adorea eskuratu du, lotsak eta beldurrak zertxobait zokoratuz. Eta, era berean, erdara erabili ahal izatea (euskarazko komunikazioa oztopatu gabe) tresna auto-erregulatzaile indartsua gertatu zaio euskaraz egiteko zailtasunak zituen hainbati.
- 8. ondorioa: Euskaraldiak hizkuntza praktiken inguruko ikuspegi errealistagoa ekarri dio parte-hartzaile askori. Norbere hizkuntza jokaera «idealizatu» samarra zuen parte hartzaile asko konturatu da benetan uste baino gutxiago egiten duela euskaraz. Beste hainbatek ikusi du Euskaraldia hasi aurretik hain zailak iruditzen ez zitzaizkion jardunak uste baino korapilatsuagoak direla. Horretaz gain, euskaraz ulertu eta hitz egiten duen uste baino jende gehiago dagoela ikusi dutenak ere badira. Beraz, Euskaraldiak balio izan du jende askok azterketa soziolinguistiko errealista egiteko eta kasu gehienetan errealismo hori hizkuntza erabilerako pizgarria izan da.
- 9. ondorioa: Aurrerapen txikiak egon diren arren, zailtasunik handienak hiru alderdi hauetan egon dira:
- a) Euskaraz ulertzeko eta hitz egiteko gaitasun mugatua dutenekin euskaraz jarduteko jokabidea ez da asko zabaldu.
- b) Ele biko elkarrizketari luze eusteko (nahiz eta aurrerapauso interesgarriak ikusi diren).
- c) Solaskideari euskaraz aritzeko gonbita edo eskaera (asertiboa) egitekorakoan deseroso samar sentitu da parte-hartzaile asko, bereziki belarriprest zereginean ibilitakoak.