Salmenta sistemak huts egin duen arren, Zinemaldiak iaz baino sarrera gehiago saldu ditu
Zinemaldirako Internet bidezko sarreren salmentak gora egin du zerbitzuaren lehen egunean, lehen orduetan sistemak huts egin duen arren. Salmenta igandean hasi zen, 09:00etan, eta eskaera kopuru handia zela eta, sistema erori egin zen hortik gutxira. 12:30ean, ordea, webgunea berriro martxan jartzea lortu zuten jaialdiko arduradunek, eta salmentak gora egiten jarraitu du geroztik.
Atzoko egunean gutxienez 66.000 sarrera saldu zirela iragarri du Zinemaldiak. Horien %86a Internet bidez saldu zen, eta gainerakoa, berriz, Kursaal Elkarguneko leihatiletan. Saio salduenak honako hauek izan dira: Sail Ofizialeko Mientras dure la guerra eta La trinchera infinita, New Directors saileko Disco, Perlak saileko La verité, Ema eta The Laundromat, eta Euskal Zinemaren Galako Agur Etxebeste! filma. Geratzen diren sarrerak festibalaren webgunean erosi daitezke, eta irailaren 20tik aurrera salmenta fisikorako puntu gehiago zabalduko dira.
Jose Luis Rebordinosek, Zinemaldiko zuzendariak, barkamena eskatu die sarrerak erosteko unean arazoak jasan dituztenei: “Arazo teknikoengatik sarrerak lortzeko zailtasunak izan dituen publikoari barkamena eskatu behar diogu. Arazoak arazo, pazientziaz zain egon dira eta sarrerak lortu dituzte. Izan ere, gaurko salmenta iazkoa baino handiagoa izan da”.