San Tomas egunerako postuak eskatzeko epea zabaldu dute
Abenduaren 21ean ospatzen da San Tomas eguna, baserri giroa gogoratzen duen festa. Lehen, baserriaren errentak baserriko jabeei ordaintzeko hirira jaisten ziren baserritarrak San Tomas egunean, eta bide batez, baserrietan ekoiztutako produktuak saltzeko aprobetxatzen zuten. Gaur egun ere postuz josita egoten dira gure hiriko hainbat txoko, eta askotarikoak izaten dira horiek, besteak beste, txistorra eta sagardoa saltzen dituztenak eta baserriko produktuenak.
Donostia Festak-ek 2019ko San Tomas Ferian postu bat jartzeko izen emate epea ireki du gaur, baita ferian egingo dituzten hainbat lehiaketatan parte hartzeko izen ematea ere.
Hiriko hainbat aldetan, txistorra saltzeko postuak jarriko dira, eta horien esleipena zozka bidez egingo dute. Postua jartzeko baimena eska dezakete Donostian egoitza duten mota guztietako aisialdi elkarteek, herri erakundeek, kirol elkarteek eta hezkuntza zentroek, beti ere, oinarrietan zehaztutakoa betetzen badute. Postu bat kokatzeko eskabideak Donostia Festak-en bulegoetan (Konstituzio plaza, 1) aurkeztu behar dira, urriaren 25eko 14:00ak arte. Zozketaren emaitzak azaroaren 12an jakinaraziko dituzte.
Gainerako postu eta lehiaketen informazioa Donostia Festak-en webgunean aurkitu daiteke: hainbat produkturen postuak, Euskal Herriko XXIV. Txistorra lehiaketa, lur gaien lehiaketa eta erakusketa, eta txorimalo lehiaketa.