Cristina Iglesiasen eskulturak Santa Klarako bisiten maiztasuna ez areagotzeko eskatu du Eguzkik
Cristina Iglesias eskultoreak Santa Klara uharteko itsasargian bere eskultura egiteko egokitzapen lanak hasi berri ditu Donostiako Udalak, eta Eguzki talde ekologistak bere ikuspuntua eman nahi izan du. Azaldu dutenez, martxoan bilera bat egin zuen talde ekologistak Txuri Aranburu udal teknikariarekin eta Lurdes Fernandezekin, Iglesiasen ordezkariarekin. Bilera horretan bi kezka nagusi azaldu zituen Eguzkik artelanaren inguruan: instalazio lanen bitartean eman daitezkeen kalteak eta eskulturari emango dioten erabilera.
Instalazio lanei dagokienez, hainbat gai ikutu zituen Eguzkik, hala nola, itsasargia ikusgai egoteko egin daitezkeen zuhaitz-mozketak. Alde horretatik lasai gelditu zen talde ekologista, udalak eta eskultorearen ordezkariak adierazi baitzuten mozketak saihestuko zirela. Itsasargira doan bideak jasan ditzakeen kalteen inguruko kezka ere azaldu zuten ekologistek, eta jaso zuen erantzuna izan zen Iglesiasek eskulturarako “balore bat gehiago” gisa kontsideratzen zuela bide hori, eta, beraz, errespetatuko zutela. Hondakinen kentzearen harira, Eguzkik esan du udala ez zela oso argia izan erabiliko dituzten tekniken inguruan, baina “tubo bidez” egingo zutela esan zietela.
Hala ere, Eguzki gehien kezkatzen duen arloa eskulturari ondoren emango dioten erabilerarena da. Santa Klara uharteko bisitak lau hilabetez egiten dira gaur egun (ekainetik irailera), eta gainontzeko hilabeteetan uharteko ekosistema errekuperatzen da, hegaztientzako ugalketa gune izaten delarik. Eguzkiren kezka da eskultura turismoa erakartzeko tresna batean bihurtu daitekeela, eta, beraz, lau hilabete horietatik kanpo ere irlako itsasontziek jendea eramatea, ostalaritza eskaintza handitzea eta komunetan arazoak sortzea, Kontxako eta Ondarretako uren kalitatea txartuz. Udalaren erantzuna izan zen lau hilabete horietatik kanpo bisita gidatu “gutxi batzuk” egingo dituztela, ostalaritza eskaintza ez dela handituko eta komunen zerbitzua “indartu eta hobetu” egingo dutela. Bestalde, bisitak hegaztien ugalketa denboralditik kanpo egitera konprometitu zen udala, eta Eguzki pozik agertu da erabaki horrekin.
Talde ekologistak nabarmendu du bileratik “pozik” irten zirela, “hitzez oso egoera onargarria” aurkeztu zietelako, baina mesfidati agertu dira, “lasaitzeko hitzak” izan zitezkeela uste baitute. Beraz, Eguzkiren aburuz, udalak eta eskultorearen ordezkariak esandakoa betetzen bada, “eskulturaren instalazioak ez du eragingo igoera esanguratsurik irlak gaur egun jasaten duen presioan”.