Udalak tutoretzapeko hiru pisu eskainiko dizkie bazterkeria arriskuan dauden pertsonei
Etxebizitzek guztira bederatzi pertsonentzako lekua izango dute. Udalak horrelako zerbitzu bat eskaintzen duen lehen aldia da.
Hiru etxebizitzak 2019an irekiko dira, eta bazterkeria arrisku altua duten bederatzi pertsonentzako lekua izango dute. Erabiltzaile horiek elkarbizitza egingo dute pisu bakoitzean, lau hezitzaileren laguntzarekin.
Eneko Goia alkateak nabarmendu du honakoa udalak horrelako zerbitzu bat eskaintzen duen lehen aldia dela, eta bazterkeria arrisku altuan dauden pertsonentzako hiru etxebizitza horiez gain, hiriak beste 20 harrera-pisu dituela gogoratu du.
Tokiko gobernu batzordeak Arrats elkarteari esleitu dio ostatu-baliabide hauetan gizarte eta hezkuntza arreta zerbitzua emateko ardura. Kontratuak bi urteko iraupena izango du, beste bi urtez luzatu ahalko dena, eta 187.000 euroko kostua izango du urteko.
Hiriko kaleetan bizi diren gazteen kopurua 140 ingurukoa dela kalkulatu izan du etorkin magrebtarrekin lan egiten duen Modahara elkarteak. Ekainean, bazterkeria arrisku larrian dauden gazte hauek jasaten duten errealitatea ikusarazteko erreportajea egin zuen Irutxuloko Hitzak.