Zinemaldiarekin batera itzuliko da 'Zurriolako butaka' saioa
Euskarazko sei komunikabide eta zinemazaleen elkargune izango da. IRUTXULOKO HITZAk ikus-entzunezko hainbat erreportaje eskainiko ditu programan.
Zinemari eskainitako euskarazko telebista saio bakarra bueltan da. Berria, Hamaika, Gaztezulo, Zinea.eus, Kanaldude eta IRUTXULOKO HITZAren arteko elkarlana da Zurriolako butaka. Ostiraletik aurrera, 19:00etan zabalduko dute saioa Internet bidez. Kanaldudek 20:00etan emitituko du, eta Hamaikak, 22:00etan. Horrez gain, #Zbutaka traola erabiliko diute saioko kideek haien jarduna sareetan zabaltzeko.
Euskal Herrian zazpiak bat, eta Donostiako Zinemaldian zazpiak bat. Kanalduderen baturarekin, taldea osatu eta kalitatezko aurrerapausoa eman zuten iaz, eta bide horretan jarraitzea izango dute aurten asmo nagusia: euskal ekoizpenetan buru-belarri lanean ari diren profesional zein sortzaileei ahotsa ematea, taxuzko programazio fresko eta erakargarri baten bidez.
Anabel Arraizak aurkeztuko du saioa bigarrenez, eta askotariko gonbidatuak jasoko ditu Kursaal jauregiaren behealdeko gure platoan. BERRIA taldeko Urtzi Urkizu izango du lagun, aurten platoan izango baita, egunero kazetari, kritikari edo bestelako lagunen batekin, Zinemaldiaren bidea nolako izaten ari den azaltzeko.
Beren jardunari estuki lotuta, sare sozialen bidez zabaltzeko eduki arin eta informalen aldeko apustua egingo du Gaztezulo aldizkariak. Gazteek ere beren tokia topatuko dute horrela Zinemaldiaren zurrunbiloan.
Irutxuloko Hitza-k, ostera, donostiarren Zinemaldia ekarriko du lehen lerrora euskal zinemaren erakusleiho izango den saioan. Hiriko profesionalak oinarri hartuta, 67. edizioan protagonista izango diren hainbat gai eta proiektuei eutsiko diote.
Aurkezpen saioan izan ez badira ere, oinarrizkoa izango da Bidarraiko (Nafarroa Beherea) Kanaldude telebistako lagunen ekarpena. Hiru lagun arituko dira egunero programaren ekoizpen lanetan eta, gainera, atal berri baten estreinaldia iragarri dute: Zinetika. Zinemaldiak sortzen duen burbuila handia ibilarazten duten pertsonen itzaleko lana erakustea izango da atal honen xedea: izan pantaila gibeleko lanak, eszena gainekoak… Finean, Zinemaldia barnetik bizitzeko aukera eskainiko dute egunero.
Euskal zinemagintzaren ekosistema aberatsean jarriko dute fokua Zinea atarikoek. Aurrez egin ohi izan duten bezala, bideo elkarrizketa eta pilulatxo laburren bidez gerturatuko ditugu sortzaile zein profesionalen adierazpen eta bizipenak publiko zabalera. Besteak beste, Izibene Oñederra ilustratzaile eta zuzendaria, Iñaki Gomez ekoizlea, Loic Legrand zinemagilea… Horrez gain, Sara Hernandez Askasibar kritikaria izango da platoan, filmak iruzkintzen egingo duen lanaz gain, aurten Irizar Saria banatuko duen epaimahaiaren parte ere izango delako.