Arte Ederretako eraikina eraistearen kontrako elkarretaratzea egingo du Donostia Defendatuzek

67. Donostiako Zinemaldia hasteko egun bat falta denean, Donostia Defendatuz koordinakundeak oharra plazaratu du udalak kulturaren eta zinemaren aurrean duen “hipokresia” salatzeko. Zehazki, Arte Ederretako eraikina ez direla babesten ari egotzi diote. Horrela, hilaren 28an eraikinaren eraistearen aurkako aldarrikapen protesta hiritarra egingo dute Kursaalen aurrean, 20:00etan.
“Donostiak badu zazpigarren artea delakoaren historian atal berezi eta ezaugarri bat: hiriak Espainiako zinematografo zaharrena du gordeleku: Arte Ederren jauregia”, nabarmendu dute. “2013tik Arte Ederrak eraisteko plana dago udaletxean. Eraisteko baimen berri baten beherahalako tramitazioaren aurrean, ICOMOSek gutun berri bat helarazi die erakundeei. Nazioartean eraikina babesteko zabaldu den alerta gogoratuz, euskal historiaren babes bereziko ondare-ondasun izendatua izan dadin eskatzen da maiatzaren 9an aprobatu zen euskal ondare kulturalaren legea oinarri hartuz”.
SADE da eraikinaren jabea eta eraisteko asmoa duela azpimarratu du koordinakundeak, “orube errekalifikatu honetan etxebizitzak eraikitzeko”. 2015ean udalak Arte Ederren kupula eraisteko baimena eman zuen. “Kupula gabe ere hirian zutik geratzen diren estruktura historiko bikainetarikoa da, garaiko modernitatearen mugarria eta zinemaren historiaren sinboloa”. Hori dela eta, eraikina osorik babesteko eskatu du Donostia Defendatuzek. “Arte Ederretako eraikina zinema hiriaren ikur izan behar du, ukaezineko elementua zigilu zinematografikoa duen hiri batean. Ezin da zazpigarren artearen inguruko kultura faltsua sustatu, zinemaren historiaren jatorriei uko eginda”.