'Begia begi truk...'
Sara Hernandez Askasibar, zinema kritikaria.
‘Quien a hierro mata’
Zuzendaria: Paco Plaza
Urtea: 2019
Herrialdea: Espainia
Paco Plazak ustekabean harrapatu gaitu berriro ere. REC (2007, 2009, 2012) eta Veronica (2017) zuzendu ondoren, beldurrezko generoak eskaintzen dion konfort-eremutik atera eta thriller bat eskaini digu oraingoan: Quien a hierro mata. Fantasiazko zinemaren kutsua badu ere, thriller generoaren osagarri guztiak ditu: narkotrafikoa, mafiak, tiroketak, hilketak, mehatxuak, jazarpenak, eta, nola ez, mendekua. Azken finean, «Quien a hierro mata, a hierro muere». Abuztu bukaeran estreinatu eta oihartzun handia izan du dagoeneko. Hainbestekoa izan da arrakasta, non askok «Fariña galiziarra» izendatu dute.
Eta zergatik galiziarra? Istorioa Arousako itsasadarrean, Galizan, kokatuta dagoelako. Antonio Padin, bertako «kapo» ezaguna, kartzelatik irtengo da gaixotasun kroniko batengatik, eta azken urteak lasai igarotzeko asmoa azalduko du, narkotrafikotik urrun. Bere bi semeek, ordea, ez dute bat egingo erabaki honekin, euren eskutik droga kontrabandoko inperioa handitzeko irrika baitute. Bada, mafia kolonbiarra eta txinatarraren arteko tratu batean parte hartu dezan eskatuko diote Antoniori. Honek, aldiz, proposamen honi uko egin eta zahar-egoitza batera joateko erabakia hartuko du. Nahiago du ikusezina bihurtu gupidagarri izan baino.
Istilu honek, erdi-erdian harrapatuko du Mario, zahar egoitzaren erizain burua. Bizitzako momentu goxoenean -emaztea haurdun dago, esaterako- sekulako erabaki zaila hartu beharko du: Baliatuko ote du gizonarekiko hurbiltasuna anaiaren hiltzailea mendekuz akabatzeko? Gainera, Antonioren bi semeen planak kale egingo du eta Toñok Marioren laguntza beharko du Kolonbiako narkoen zorra ordaindu eta Kike, atxilotu berri duten anaia, askatzeko.
Juan Galiñanes eta Jorge Gerricaechevarriak idatzitako gidoi arin hau norabide aldaketez josita dago, eta erritmoa goruntz joango da istorioak aurrera egin ahala, tentsioa guztiz jasanezina bilakatuko den arte. Gainera, pertsonaia guztien nortasuna oso landua dago: Enric Auquer (Kike) izan da dudarik gabe film honen ezusteko onena. Izan ere, argi nuen Luis Tosarren antzezlana (Mariorena) espero bezain aberatsa izango zela, neurritsua eta emozioz betea aldi berean. Hori bai, filmaren lehen bost minutuak guztien azentu galiziarrera egokitzen pasako dituzue, intrigazko argumentuan guztiz murgildu arte.
Quien a hierro matak zahartzaroari eta familiari buruzko gogoeta sakonak aurkeztuko ditu, betiere narkotrafikoaren mundu ilunaren ikuspegitik. Ikusle gisa, ezingo dugu susmatu nork duen egoera kontrolpean edo non dagoen ongi eta gaizkiaren arteko muga… Film bortitza, konplexua eta lazgarria baita Paco Plazaren azken lan hau.