'Beldur Barik' lehiaketa martxan da, indarkeria sexista saihesteko helburuarekin
Donostiako Udalak hamargarren urtez jarri du martxan indarkeria sexista saihestea helburu duen Beldur Barik lehiaketa, eta indarkeria mota horren manifestazioak ikusarazten dituzten proiektu artistikoak aurkezteko epea azaroaren 5era arte egongo da zabalik. Proiektuak taldeka aurkeztu beharko dira Beldur Barik lehiaketaren webgunean, eta 12 eta 26 urte arteko gazteek ahalko dute parte hartu.
Lehiaketak indarkeria sexista saihestea helburu duen heinean, aurkeztutako proiektuek errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzukizunean eta indarkeria sexistaren gaitzespenean oinarrituta egon beharko dute. Bestalde, emakumeen aurkako indarkeria gainditzeko eta harreman askeak sortzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboa erakutsi beharko dute proiektu artistikoek. Euskarri digitalean aurkeztutako edozein proiektu onartuko dute lehiaketan, hala nola, flashmobak, errezitatutako poemak, kameraren aurrean irakurritako hausnarketa testuak, bideoklipak, argazkiak, fotonobelak, lipdubak eta dantzak.
Mezuaren kalitatea, originaltasuna, euskararen erabilera, begirada irekia izatea, ikuspegia eta tonua dira lehiaketan baloratuko diren alderdiak, eta hiru kategoria desberdin egongo dira: Lehenengo kategorian 2006an eta 2007an jaiotako gazteek hartuko dute parte, bigarrenean 2001 eta 2005 urteen artean jaiotakoek eta hirugarrenean 1993 eta 2000 urteen artean jaioetakoek. Lehen bi kategorietako irabazleek hiriko kirol edo kultur ekitaldi batera joateko sarrerak eskuratuko dituzte, eta hirugarren kategoriakoek 300 euroko saria lortuko dute. Azaroaren 22an emango dituzte aditzera kategoria guztietako irabazleak.