Herritarrek udaleko Kontseilu Sektorialetan parte hartu ahal izango dute
Donostiako herritarren ordezkariek zuzenean parte hartu ahal izango dute Donostiako Udaleko Kontseilu Sektorialetan. Kontseiluak partaidetza-organoak dira, eta esparru bakoitzeko gaiekin zerikusia duten agenteek udal esparruan aholku, informazio eta laguntza eskaintzeko bokazioa dute. Donostiako Udalak bihar, hilaren 20an, Ingurumen, Gizarte Ekintza, Euskara, Lankidetza, Berdintasun eta Mugikortasun arloko Aholku kontseiluetan parte hartzeko epea irekiko du.
“Organo aholku-emaile” horietan bakoitzak bere izenean edo elkarteen ordezkari gisa egoteko aukera izango du, eta hautaketa zozketa bidez egingo da izena ematen dutenen artean. Interesa dutenek irailaren 26ra arte izena eman ahal izango dute. Horretarako, bi modu izango dituzte: presentzialki Udalinfoko bulegoetan, eta telematikoki udalaren webguneko bulego birtualean. Kontseiluetako batzordekideak irailaren 30ean aukeratuko dituzte.
Juan Ramon Vilesek, Gobernantza zinegotziak, adierazi duenez “egitasmo hau herritarren parte-hartzea sustatzeko eta bideak zabaltzeko urrats bat gehiago da”. Aholku batzordeetan herritarren eta elkarteen presentziak, bere ustez, “eztabaida aberastuko du, eta udalari erabakiak hartzen eta udal-kudeaketan lagunduko dio”.