Etxearen zimenduak eraiki ondoren teilak jartzen ari dira
Ekainetik zabalik dago Egiako Teila Fabrika berria. 1903. urtean auzoan eraiki zuten fabrikaren izen bera jarri diote proiektuari, hala ere, lantegi berria osatzen dutenen jarduna bestelakoa izango da.
Iruresoro pasabidean dago Teila Fabrika berria, garai bateko teila fabrikatik metro gutxira. Proiektuaren sustatzaileek izen bera mantentzea erabaki dute, auzoko memoria industrialarekin eta sozialarekin lotutako proiektua izateko xedea baitu. Maddalen Serras, Sergio Lezkano Txino eta Aitziber Lizarribar arduratuko dira fabrikaren labeei ikatza botatzeaz, baina sortu duten espazioa pertsona askoren topalekua izatea nahi dute. «Teila Fabrika elkarlanean ekiteko eta konektatzeko espazioa da», azaldu dute proiektuko kideek. Lan kooperatiboaren bidez, han lekukotuko diren pertsona, elkarte eta profesionalen arteko trukatze dinamikak sustatu nahi dituzte, «denon artean elkar elikatzeko».
Proiektuaren funtsean dago ekonomia soziala, eta paradigma horren barnean kokatzen diren pertsonak, enpresa ekintzaileak, ekonomia soziala eta solidarioarekin lotutako elkarte eta herri-erakundeak, eta tokiko garapen eraldatzailearekin konprometitutako enpresa eta egitasmo ertain eta txikiak erakarri nahi dituzte. Ekonomia sozialaren balioetako batek berebiziko garrantzia duela uste dute: indarren baturak. Honela azaldu dute Teila Fabrikakoek: «Pertsona asko bakarka aritzen dira lanean, euren etxe edo bulegoetan, eta ziur gaude pertsona horien arteko saretzeak indarrak batzea ekarriko duela».
Auzoari begira
Teila Fabrika Egian sortu zen, eta Egiara begira dago; baita Donostiara eta Euskal Herrira ere. Koxkorrio tabernaren aurreko lokalean, 400 metro karratuko espazioan «ekosistema berezi bat» sortu nahi dute sustatzaileek. Horretarako, ezinbestekoa da haientzat Egiara begira jartzea: «Teila Fabrikan lan egiten ari garenontzat Egia da gure auzoa, eta, horregatik, auzoaren langile historia eta gaurko lan egiteko modua lotu nahi ditugu».
Krisialdiaren ostean Egia berpizten ari delakoan daude egitasmoko kideak. Gaineratu dute, betidanik, Egiako bizilagunek eta gazteek parte-hartze handia izan dutela auzoko bizitzan, lan asko egin dutela eta egun ere hala jarraitzen dutela. Hori dela eta, oso auzo «aproposa» iruditzen zaie horrelako proiektu bat aurrera eramateko. «1903an Egiako Teila Fabrika jarri zuten martxan, eta jendea erakarri zuen; 40 metroko tximinia auzoko erreferentzia zen. Garai hartako lan egiteko era nolakoa zen eta nola aldatu den hausnartzetik sortu zitzaigun proiektu berri honen ideia», azaldu dute. Hortaz, hiriko eta lurraldeko beste langile batzuekin lankidetza sortzeaz gain, Egiako auzotarrekin saretzea da haien helburuetako bat.
Teila Fabrikan lau motatako guneak aurki daitezke, eta horien izenek ere auzoaren eta lantoki zaharraren historiarekin dute zerikusia. Alde batetik, Tximini gunea dago, eta han lanerako hamasei mahai daude, bakarka lana egiteko. Bestetik, banakako hiru bulego daude: Ganbila bulegoa, Ahurra bulegoa eta Laua bulegoa. Bestalde, Labea bilera gela dago, hamar bat lagunentzako tokia eskaintzen duena, proiekzioak egiteko proiektorea eta pantailarekin. Azkenik, elkartu daitezkeen erabilera anitzeko bi areto zabal daude: Buztin gorri eta Buztin zuri.
Teila Fabrikaren zimenduak eraikita daude, teilak jarrita ditu, eta tximiniari kea dario dagoeneko; orain, lantokiaren labeak ikatzez elikatzeaz arduratu beharko dute Egiako langileek.