Euskarazko kode-poesia sortzeko ikastaro bat egingo dute Donostian
PuntuEUS Fundazioak euskarazko lehen kode-poesia laborategia eskainiko du Donostian, Bertol Arrieta idazle eta ingeniariak gidatuta. Euskarazko literatur sorkuntza digitala sustatzea du helburu proiektuak, eta parte hartzaileen lanen arabera argitaratuko dute euskarazko lehen kode-poesia liburuxka digitala. Hilaren 24ko arratsaldean (17:00etatik 19:00etara) izango da ikastaroa Tabakaleran, eta, parte hartzeko, helbide honetan izena ematea beharrezkoa da. Bilbon eta Gasteizen ere emango dituzte ikastaroak, urriaren 2an eta 8an, hurrenez hurren.
Programazio lengoaiak erabilita idazten den olerki mota bat da kode-poesia, idatzitako kodearekin olerki bat idaztea helburu duena, aukeratutako programazio lengoaian. Gehienetan ingelesak izaten dira programazio lengoaian erabiltzen diren hitz gakoak, baina edozein hizkuntzatakoak izan daitezke, olerkiaren muga bakarra aukeratutako programazio lengoaiaren sintaxia baita. Gainera, eta beharrezkoa ez den arren, sortutako olerkiak ere programa moduan funtzionatu dezakete.