Gotzaindegiaren etxe hutsak alokairu sozialera bideratzeko eskaria egin dio Stop Kaleratzeak taldeak Munillari
Gipuzkoako Stop Kaleratzeak taldeak jakinarazi du Jose Ignacio Munilla gotzainari idatzi bat igorri diola. Horretan, eskatu diote Bilboko gotzainak Eusko Jaurlaritzarekin hitzartutako hitzarmen bera izenpetzeko, Gipuzkoako Elizaren etxe hutsak alokairu sozialera bideratzeko. Etxegabetzeen aurkako taldeak bilera bat eskatu dio gotzainari, “Gipuzkoan milaka familiek etxebizitza duin batera sarbidea izateko bizi duten egoera dramatikoa azaltzeko”. Bileraren hitzordua dagoeneko zehaztuta dagoela jakinarazi dute.
Stop Kaleratzeak taldekoek adierazi dute “asaldagarriak” direla Gipuzkoako Gotzaindegiaren proiektu urbanistikoen inguruan agertu diren albisteak, eta horren aurrean, etxebizitza hutsak alokairu sozialera bideratzeko eskariak “garrantzia handia” hartzen duela gaineratu dute. Horren adierazletzat jo dituzte eliztarrek egindako protestak, esaterako, 2018ko abenduan Artzain Onaren katedralaren aurrean egindako “elkarretaratze jendetsua” eta azken denboran pil-pilean dagoen Familia Santuaren parrokiaren kasua.
Joan den apirilean, Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Gotzaindegiak hitzarmen bat sinatu zuten, eta horren bitartez, gotzaindegiaren jabegoko etxe hutsak Bizigune programara bideratuak izango dira, hain zuzen, Etxebide programan izena emanda dauden diru-sartze baxuenak dituzten familiei zuzendutako programa. Stop Kaleratzeak taldeak azaldu duenez, duela gutxi, Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako Gotzaindegiari eskatu dio Bilbokoak hartutako bidea jarraitzeko.
Era berean, jakinarazi dute beraiek bat egiten dutela eskariarekin, eta Arabako Gotzaindegiari ere luzatu diote eskaera. “Gure plataformaren ustez Eliza hutsik dauden etxebizitzen edukitzaile handia da, bankuak bezala, eta ezin dugu hori onartu, euskal gizarteak dauzkan beharrak ikusita”, salatu dute Stop Kaleratzeak taldekoek. Gainera, esan dute onartezina dela etxe horiekin espekulatzea, uste dutelako, Elizaren doktrinaren aurkakoa dela hori egitea.