"Hamar urte daramatzagu etxeko estudioan eta bizilagunak soilik pare bat aldiz kexatu dira. Ez dago gaizki, ezta?"
Donostiak haiek gustuko zuten musika eskaintzen ez zielako hasi ziren gauzak sortzen Iker eta Unai Martinez anaiak. Orain, Revolutionay Brothers gisa, Euskal Herria reggaearen mundu mapan kokatu dute.
Gross taberna aukeratu duzue elkarrizketarako. Zergatik?
Iker Martinez (I.M.): Garagardo artisauaren zale amorratuak gara, eta tabernan musika paregabea jartzen dute. Gainera, Gross proiektuaren parte gara, eta hemen etxean bezala sentitzen gara.
17 urte jada Revolutionary Brothers sortu zenetik. Nola hasi zen hau?
Unai Martinez (U.M.): Etxean betidanik entzun izan dugu reggaea, baina kalean lehen ez zegoen horretarako aukerarik. Pentsatu genuen guk bezala musika hori atsegin zutenentzako zerbait eskaini beharra zegoela, eta gure musika tabernatan jartzeko asmo horrekin hasi ginen orain arteko bidean aurrera egiten, pixkanaka-pixkanaka.
Afizioa etxetik datorkizue, hortaz?
U.M.: Gurasoek binilo pila bat zituzten etxean: soul estilokoak, The Beatles taldearenak… Bat-batean reggaea gurengana iritsi zen, bigarren eskuko kasete batzuekin, eta ordura arte entzunak genituen musika estiloen artean, barruan zerbait berezia sortzen ziguna hori zela ikusi genuen.
Orduz geroztik musika bilatzen aritu gara. Bilatzen eta ikasten, ez baikenekien ezer reggaearen inguruan.
I.M.: Gure eskuetara iritsitako zinta horiekin, gure buruak klik egin zuen, eta reggaeak erabat harrapatu gintuen. Diskoak bilatzen hasi ginen, han eta hemen. Garai hartan Interneta ez zen gaurkoaren modukoa, eta dendetara joan behar izaten ginen.
Gauzak asko aldatu dira ‘Discman’-aren garaitik Spotifyren arora.
U.M.: Musika zale eta musikari gisa bizi izan dugu prozesu hori. Lehen, bigarren eskuko dendak arakatzen genituen, goitik behera, baina hori guztiz aldatu da Internetarekin. Londresera egin genuen lehen bidaia gogoratzen dut. Hamabost kiloko motxila ekarri genuen, bigarren eskuko biniloez beterik!
I.M.: Maleta batekin joaten ginen dendetara, eta biniloz betetzen hasten ginen, mostradorekoak kargu hartzen zigun arte: “Stop! Stop!”. Bost egunetan sekulako arpilatzea egin genuen Londresen [barrez]. Ez dut inoiz ahaztuko.
Internetek abantaila ugari ekarri ditu, baina bada beste garai horrekiko nostalgia puntu bat, ezta?
U.M.: Internetek gauza pila bat ezagutu eta erosteko aukera eman digu, baina horrekin musikari ematen zaion balioa galdu egin da neurri batean. Azken finean, edozer gauza lortzeko prozesua erraztu du, eta horrekin dena aldatu da.
Beste herrialdeetara joan eta hango dendak begiratzea, espero ez dituzun altxorrak topatzea, zure bilduma propioa osatzen joatea… Hori da Internetarekin galdu dena.
I.M.: Musika kontsumitzeko modua erabat aldatu da eta denda guztiak ixten ari dira. Donostian oraindik Beltza Records daukagu, eta hori mirari bat da.
Orain arteko ibilbide horretan, zuen estudioa ere asko aldatuko zen. Non hasi zineten musika sortzen?
U.M.: Gure etxeko logelan hasi ginen, ordenagailu batekin eta oso tresna sinpleekin. Oraindik ere etxebizitza batean daukagu estudioa, baina oso desberdina da. Home studio bat dugu, urteetan zehar egindako inbertsioari esker lortutako aparatuekin.
Bizilagunekin istiluak izaten jarraitzen duzue, hortaz?
U.M.: Hamar urte daramatzagu egungo estudioan eta soilik pare bat aldiz kexatu dira. Ez dago gaizki, ezta?
I.M.: Horietako bat General Levyrekin izan zen, eta bestea Daddy Bantonekin.
U.M.: Gogoratzen dut General Levyrekin grabatu genuenean, beste artista jamaikar batekin eginiko kanta bat erakutsi geniola. Tipoa pila bat animatu zen, dantzan hasi eta bozgorailuaren bolumena topera igo zuen. Gaua zen, eta imajina dezakezu estudioko bafleak ez direla edonolakoak… Musika bloke osoan entzun zen, noski.
Revolutionary Brothers bi zarete, baina inguruan zuekin lan egin ohi duen artista sare zabala duzue, ezta?
I.M.: Taldearen izenak gu biok nabarmentzen gaitu, baina guk hau familia baten modura ikusten dugu. Bidean zehar laguntza handia eman diguten pertsonak daude, eta haiekin batera Revolutionary Family osatzen dugula esaten dugu. King Konsul, Yanu, Lua, Eider, Gustav, Game Over Selectors, Karlos, Garlik… eta askoz gehiago. Haiekin bizitako istorio pila bat konta ditzakegu.
Kanpoko musikari askorekin ere egin duzue lan. Norekin errepikatuko zenukete?
U.M.: Sara Lugo, Treesha, Raphael, General Levy… Hainbeste dira! Denbora falta zaigu nahi dugun guztia egiteko.
I.M.: Nik modu berezian gogoratzen dut Little Royrekin pasa genuen asteburua. Donostiara etorri zen eta gure etxean izan genuen grabatzen. Gurekin etorri zen lehen jamaikar klasikoa izan zen, eta egundoko ilusioa sorrarazi zidan. Urteetan entzun dituzun diskoak, kantak… zuzenekoan aitona batek abestuak. Ikaragarria izan zen.
Eta, Euskal Herrian, zeintzuk izan dira zuen erreferente nagusiak?
I.M.: Gure inguruko erreferente nagusia Aritz Sound System izan da, zalantzarik gabe. Disko denda bat zeukan Hernanin, eta reggaea eta hip-hopa nahasten zituen kolektibo bat osatu zuen.
U.M.: Hasiberriak ginenean, aukera pila bat eskaini zizkigun, eta guretzat oso baliagarriak izan ziren gomendioak ere eman zizkigun.
Lan ugari argitaratu dituzue urte hauetan zehar, eta baita jaialdi asko antolatu ere. Zer nahiago duzue, disko on bat, hala zuzeneko on bat?
I.M.: Zuzenekoak asko gustatzen zaizkigu, hor jasotzen duzun energia sekulakoa delako. Baina disko berri bat jaso eta zure etxean entzutea ere… Hori ikaragarria izan daiteke.
U.M.: Sentimendu aldetik, nik nahiago dut zuzenekoa.
I.M.: Bai. Estudioko lana atsegin dugun arren, uste dut gu zuzenekoak garela.
Ba, zuzenekoekin jarraituz, egundoko plana prestatu duzue urrirako: 8. Revolution Jamrock jaialdia. Zer topatuko dugu hor?
U.M.: Urtero antolatzen dugun festibala da. Aurten Intxaurrondo kultur etxean egingo dugu, urriaren 18an eta 19an. Lan handia izan da guretzat. Egia esan, hau zortzigarrenez antolatzea utopikoa zela esango nizuke lehen. Urtero pentsatzen dugu azkena izango dela, baina hilabete gutxira zerbait antolatzeko gogoa sartzen zaigu berriro. Honakoan Max Romeo etorriko da Donostiara, handienetako bat, eta hori ikusita, esfortzuak pena merezi digu.
I.M.: Gainera bere alaba Xanarekin etorriko da, orain topera dabilena. Jaialdia opari ederra izango da.
General Levy ere hirira itzuliko da. Bizilagunak abisatu dituzue?
U.M.: Egin beharko dugu, bai, gure asmoa baita bera eta Max eta Xana Romeo estudiotik pasatzea, besteak beste.
I.M.: Gainera, Levyrekin binilo eta bideoklip berria aurkeztuko ditugu aste batzuk barru. Hona etortzen den bosgarren aldia dela esango nuke. Euskal Herria zer den erakutsi diogu, eta topatu duena gustatu egin zaiola dirudi.
Zer moduz geratu zaizue biniloa?
I.M.: Oso harro gaude emaitzarekin, eta pozez gainezka gaude, lehen kopiak gaur bertan jaso ditugulako. Aurreratu dezakegun gauza bakarra da biniloa urdina dela eta soinu izugarria duela!
HAMABIETAN BERMUTA. Harria garagardo artisaua.
Non. Gross taberna (Parte Zaharra).
Prezioa: 6 euro.