"Hiriko trafikoari lekua irabazi behar diogu"
Europako 20. Mugikortasunaren Astearekin bat eginez, Donostiako Udaleko Mugikortasun departamentuak aste osoko egitaraua osatu du hiriko hainbat eragileren laguntzarekin. Antolaturiko jardueretan, leku batetik bestera joateko modu osasuntsu eta jasangarriak landu dituzte, hiri irisgarriago bat sustatzeko egitasmoekin batera. Arlo horietan, Donostia eredugarri dela uste du Pilar Arana zinegotziak.
Aste osoko egitaraua osatu duzue Mugikortasunaren Asterako. Pozik zaude lortutako emaitzarekin?
Mota askotariko jarduerez beteriko egitaraua da, eta ekitaldi guztiak koordinatzeko lana gogorra izan da departamentuarentzat. Emaitza, ordea, oso ona izan dela iruditzen zait.
‘Oinez eta bizikletaz segurtasunez ibiltzea’ da aurtengo leloa. Zer moduz dago Donostia zentzu horretan?
Leloa Europa osorako erabakitzen da, baina egia da Donostiari ongi doakiola, hemen bizikleta asko erabiltzen dugulako. Segurtasunari dagokionez, nahiko ondo gaudela esango nuke, tarteka kexak iristen zaizkigun arren. Espaloitik doazen bizikletei eta patineteei lotuak daude gehienak.
Urtarrilean patinete elektrikoen araudia onartu zenuten. Nabaritu duzue bere eragina?
Nondik joan daitezkeen eta nondik ezin duten joan arautu genuen. Orain, gizalegean eta araudiaren betetzean oinarritu behar dugu. Orain arte izan dugun pertzepzioaren arabera, gero eta patinete gehiago daude, baina funtzionamendua egokia izaten ari da. Hori da mugikortasun agenteek helarazi digutena.
Irisgarritasunari dagokionez, zer hobetu beharko litzateke hirian?
Itsuek hainbat eskaera egin dizkigute, eta horientzako neurriak aztertzen ari gara. Autobus geltokiko megafonia zerbitzua egokitzea edo semaforo soinudunak jartzea dira horietako batzuk.
Hortik harago, Donostiak irisgarritasun ona duela uste dut, kexak beti egongo diren arren. Kexak hiriei atxikita dauden zerbait dira.
Zeintzuk dira mugikortasunaren arloan udalak dituen erreferenteak?
Esango dudanak handinahi itxura izan dezake, baina ez dut uste gu gaizki gaudenik. Bizikleten kasuan, adibidez, Kopenhage eta Amsterdami buruz hitz egin ohi da, baina ez dakit nik horiek hain adibide onak diren. Guk akatsak izan ditzakegu, baina gure bidegorriak haurrentzako aproposak dira. Agian ez zati guztietan, baina bai gehienetan.
Autoaren erabilerari dagokionez, berriz, Bordele jarri izan digute adibide gisa, baina, ibili al zara inoiz han autoarekin? Behin aparkatu duzunean, hiria oso atsegina izan daiteke, baina han aparkalekua topatzea Donostian udaran lortzea baino zailagoa da.
Hiri guztiek euren ezaugarri propioak dituzte eta, horien arabera, bakoitzak bere neurriak hartu behar ditu.
Bizikletentzako nahikoa aparkaleku daude?
Ongi aztertu behar den kontua da hori. Neguko egoera eta udarako egun eguzkitsuenena ez da berdina. Abuztuko egun paregabe batean mundu guztia hondartzara bizikletaz doanean, inguruan ez da nahikoa leku egongo, noski. Horrek esan nahi du hirian ez dagoela nahikoa lekurik? Ez, noski.
Zurriolak nahikoa leku ditu, eta Ondarretan moldatu egiten gara behin-behineko aparkalekuekin. Kontxan, aldiz, ez dago hainbeste lekurik, eta ez da egongo, ezinezkoa delako. Hondartza jendez gainezka dagoenean, Kontxara doazen herritarrei bizikleta 100 metro lehenago aparkatu eta oinez joatea dagokie. Hori da konponbide bakarra.
Aurten, gainera, soilik bederatzi bizikleta erretiratu ditugu gaizki aparkatuta zeudelako, eta badirudi 9.000 hartu ditugula. Eta kasu guztietan, inguruan libre zituzten aparkalekuen argazkiak egin ditugu.
Herritarrek esfortzu handiago bat egin beharko lukete hiriko mugikortasuna hobetze aldera?
Guztioi dagokigu horretan laguntzea. Erdialdera etortzeko autoa ez hartzearena adibide klasikoa da. Denok gara trafikoa gutxitu eta kale garbiagoak izatearen aldekoak, baina horrek esfortzu pertsonal bat eskatzen digu.
2022rako Erdialdeko trafikoa mugatzeko konpromisoa agertu duzue.
Hori Topoaren igarobidearekin erlazionatzen dugu. Edukiera handiko lurpeko garraio zerbitzu bat duzunean, kaleko trafikoa murrizteko aukera daukazu. Trafikoari lekua irabazi behar diogu, eta hori nola egingo dugun aztertzen ari gara. Batetik, Kontxa eta San Martineko bideak kendu beharko dira, eta bestetik, soilik auto batzuen sarbidea onartu. Baina hori ez da gauza erraza, Erdialdera jende asko doalako: bertakoak, alokairuan edo hoteletan daudenak, profesionalak… Zentzu horretan, oraindik asko daukagu aztertzeko.