"Poetika berezi bat zuten aitaren lanek"
Aurtengo otsailean hildako Juanmi Gutierrez zinemagilearen semea da Pello Gutierrez, eta Zazpi T'Erdi ekoiztetxean egiten du lan. 'Paseko Txoriak' bere aitaren azken dokumentala proiektatuko dute bihar eta etzi Zinemaldian, eta Pellok eta bere amak egingo dute filmaren aurkezpena. Dokumentalaz eta bere aitaren ibilbideaz hitz egin dugu berarekin.
Zertan datza Paseko txoriak dokumentala?
Iazko uda aurretik, gai baten bila zebilen aita. Justu ni Irungo Lakaxita gaztetxean egon nintzen eta hango giroa ezagutu nuen. Aitarengana joan nintzen, eta esan nion bere estiloko dokumental bat egiteko aproposa zela hura. Beraz, hara joan zen eta Paseko txoriak dokumentala egin zuen, garai horretan gertatu zena islatu nahian. Hau da, nola elkartu ziren hiritar batzuk era inprobisatu batean harrera sare bat sortzeko.
Nik esaten dut urgentziaz egindako lan bat dela bi aldetik. Alde batetik, momentuan gertatzen ari zen zerbait zen –orain ere gertatzen da, baina pixka bat eraldatu da–, eta momentuan kontatu beharreko zerbait zen. Bestetik, operazio bat egin behar zioten –nahiko estandarra zena, ez bereziki larria–, eta horren aurretik bukatu nahi zuen. Egin zuen gauzetako bat izan zen instrukzio modukoak uztea, operazioaren aurretik filma bukatzen ez bazuen, nik bukatzeko. Zorionez eta zoritxarrez, operazioa baino lehen amaitu zuen filma, baina gero bere beldurra bete zen, eta operazioarengatik hil egin zen.
Estilo propio bat zuen.
Bai, berari gustatzen zitzaion esatea Zine Txiroa egiten zuela. Kubatik datorren zinema korronte bat da hori, eta terminoa gustatu zitzaionez, beretzako hartu zuen. Izan ere, bere inguruko errealitatea islatzen zuen, eta ez zuen ia gasturik izaten. Gehienetan bera bakarrik joaten zen, nahiz eta batzuetan bai amari eta bai niri laguntza eskatzen zigun. Amak askotan produktore lanak egin zizkion. Bere filosofiaren parte zen filmak horrela egitea, aurrekontu eta talde handirik gabe, horrek dauzkan gauza on eta txarrekin.
Zer espero duzue proiekzioaz?
Filma Giza Eskubideen Zinemaldian proiektatu zen, eta beste proiekzio batzuk ere egin dira. Beraz, gaiarekin lotura duen jendeak ezagutzen du. Nik uste dut jendeari gustatuko zaiola, filma jendearen borondate onaren seinale delako.
Bitxikeria bat dago, Giza Eskubideen Zinemaldiko proiekzioaren ingurukoa. Emanaldiaren ondoren, mahai-inguru bat egon zen, eta publikoak pelikula kritikatu zuen esanez autobonbo pixka bat zela. Gipuzkoarrak zein onak garen erakusten duelako, pertsona horiei laguntzen diegulako, baina ez zuela etorkinen egoeraren inguruan sakontzen. Kritikak uler ditzaket, baina iruditzen zait filma ez dela horri buruz ari, baizik eta honi buruz: herritarrak nola elkartu diren
Zure aitak Zinemaldiari agur esateko modu bat da?
Bai, hala da. Kalkulatu dugu aitaren hamahiru film egon direla Zinemaldian, ia gehienak egon dira. Gu oso eskertuta gaude aitaren pelikula Zinemaldian egongo delako, omenaldi moduan oraingoan. Bestalde, Mariano Ferrerrekin eta Diego Galanekin batera omenaldi bat ere egingo diote.
Harreman estua izan zuen zure aitak Zinemaldiarekin?
Bai, filmen hautaketa batzordean egon zen, esaterako. Gainera, bere film gehienak Zinemaldian egon zirenez, harreman estua izan zuen.
Euskal kulturarekin konpromisoa ere izan zuen, HABEn euskara ikasteko bideoak eginez, adibidez.
Bera euskaldun berria zen, baina euskararekiko oso jarrera sendoa izan zuen. Euskaraz ikasi zuen, eta bere bizitza guztiko lanbidea HABEn izan zen, euskarazko ikus-entzunezkoen zerbitzuko errealizadore gisa. Bai Horixe! eta horrelako bideoak egin zituen.
Donostiako Herri Irratian ere ibili zen.
Bere irratsaio ezagunena Pueblo que canta no morira izan zen, eta munduko musikei buruzkoa zen. Oraindik etxean baditugu irratsaiorako erabiltzen zituen binilo pilo bat, altxorrak direnak.
Liburu batzuk ere idatzi zituen, ezta?
Larrotxene Kultur Etxean ikastaroak ematen zituen, eta bere lehen liburua argitaratu zioten, ikus-entzunezkoen gida bat zena. Ondoren, dokumentalei buruzko Mirando la vida que pasa liburua, El tempo vasco en el cine saiakera eta Fernando Larruquerti buruzko liburu bat idatzi zituen.
Dokumentalak egin zituen batez ere. Nola definituko zenuke bere obra?
Hiru etapa ditu bere lanean. Hasieran, 1975etik 1989ra gutxi gorabehera, Super 8 estiloko filmak egin zituen, Euskal Herrian nahiko indartsua izan baitzen zinema amateurra egiten zuen korronte hori. Dokumentalak ere egiten zituen, baina orokorrean nahiko lan esperimentalak dira garai horretakoak. Azken urteetan egiten zituen lanekin alderatuta nahiko desberdinak dira lan horiek. Poetika berezi bat zuten aitaren lanek, lan guztietan aurkitu daitekeena.
Gero film familiarragoak egin zituen, gure aiton-amonei buruzkoak. Bi daude eta ez ditu inork ikusi, familian gelditu direlako. Baina film horietan ere poetika hori ikusten da.
Ondoren, Tabula Rasa bere lehen film luze dokumentala egin zuen, eta hortik aurrera gai sozialak jorratu zituen gehienetan, poetika pertsonal hori jarraituz. Horietako asko oso pertsonalak izan ziren berarentzako: Tabula Rasa, eta Angor, batez ere. Azken hori bere heriotzari buruzkoa da. Duela 12 urte bihotzetik operatu zuten, eta dokumentalean hitz egiten zuen hilko balitz zer gertatuko ote zelaren inguruan. Orain dela 12 urte prest zegoen hiltzeko, eta lanak ondo egin zituen. Baina horiek kenduta, gehienetan bere gertuko errealitateen inguruan hitz egiten zuen.
PERTSONA BEREZIA ZEN ASKORENTZAT
Gertutik ezagutu zuen Jon Garaño zinemagileak Juanmi Gutierrez, 1994an Larrotxenen irakasle gisa ezagutu ondoren, “lagun” bihurtu zela azaldu baitu. Pertsona berezia izan zen Gutierrez berarentzat eta bere Moriartiko kideentzat, eta duela urte batzuk Amigo saria eman ziotela aipatu du barre artean.
Garañoren arabera, “gizalege handiko pertsona zen Juanmi, beti laguntzeko prest zegoena”. Jon Aizpuruak, Donostia Kulturako Kultur Ekintzako zuzendariak ere irakasle moduan ezagutu zuen, eta “langilea, irakasle ona eta oso profesionala” izateaz gain, edonor zinema mundura erakartzeko gai zela azpimarratu du.
Bere obran zentratuz, Gutierrezen lehen urteetako fikziozko lanak “oso bereziak” direla aipatu du Garañok, eta azken urteetan egin zituen dokumentalen “gizatasuna” eta “zuzendariaren presentzia” nabarmendu ditu.
Aizpuruaren ustez, Gutierrezen ekarpen handiena “jendearen artean zaletasuna bultzatzea eta zinemagintza barrutik ezagutaraztea” izan da.
Bestalde, Gutierrezek bi ekarpen nagusi egin zizkion zinemagintzari, Garañoren aburuz. Alde batetik, bere dokumentaletan gai sozialak ukitzen eta gai horien inguruko “bere ikuspuntua” ematen asmatu zuela deritzo Garañok.
Bestetik, irakaskuntzan ere ekarpen handia egin zuela azaldu du: “Gaur egun lanean ari garen zinemagile askoren irakaslea izan zen”.