Abian da klima aldaketaren aurkako astea
Klima larrialdiari aurre egiteko erantzun bat exijitzen ari dira mundu mailan, eta protesta astea egiten ari dira. Donostian ere gogor ari dira lanean, eta hainbat jarduera egin dituzte asteburuan. Larunbatean performance ikusgarri bat egin zuten Artzain Onaren plazan. Urkabe bat irudikatu zuten protesta honetan, eta Fridays For Future mugimenduko bi kide izotz baten gainean igo ziren, urkabetik zintzilik zeudela. Hondakinak jasotzeko deialdiak ere egin dituzte asteburuan, Urgullen eta Zurriola hondartzan.
Astean zehar askotariko jarduerak egingo dituzte. Datorren ostirala da greba orokorrerako zehaztu duten eguna, irailaren 27a. Deialdia NBEk datorren astelehenean New Yorken egingo duen klimaren gailurraren aldi berean izango da.