LABek protesta egin du epaitegian Iruñeko sindikalista bati ezarritako 21 hilabeteko espetxe zigorraren aurka
Imanol Salinas LABeko kideak espetxe zigorra jaso du Iruñeko jatetxe batean eginiko protestagatik. Sindikatuak elkarretaratzea egin du Donostiako epaitegian, euren lanaren aurkako "jazarpen polizial eta judiziala" salatzeko.
Iruñeko La Sangiovesa jatetxean eginiko protestagatik 21 hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio Nafarroako epaile batek Imanol Salinas LABeko sindikalistari. Gaur, sindikatuko kideek protesta egin dute Donostiako eta Bilboko epaitegietan, auzi horren atzean dauden “jazarpen polizial eta judiziala” salatzeko.
Izan ere, iaz eginiko protestan , Salinasek “ohiko ekintza sindikal bat” egin zuela nabarmendu du Iker Beristainek, Donostiako LABeko arduradunak: “Megafono batekin protesta egin eta eranskailu eta kartel batzuk jarri zituen”.
Epaileak, ordea, koakzio delitu bat ikusi du sindikalistaren ekintzetan, eta orain espetxeratua izan daiteke, jaso berri duen zigorrari Huerta de Peraltako protesten harira jasotako beste kondena bat batzen zaiolako.
Beristainek azpimarratu du epailearen sententzia borroka sindikalaren aurkako neurri bat dela, eta kezkatuta agertu da joera hori Euskal Herri osora zabaltzeko aukerarekin: “Uste dugu Nafarroa frogak egiteko erabiltzen ari direla, praktika horiek lurralde osora zabaltzeko asmoz, sindikalismo borrokalaria gero eta beharrezkoagoa den garai honetan”.
Sindikatuaren abokatuek abokatuek helegite bat jarri dute Salinasek espetxea saihestu ahal izan dezan. LABeko kideek protestekin jarraituko dute, ordea, behin betiko erabakiaren zain. Hain zuzen, larunbatean manifestazio bat egingo dute Iruñean, 17:30ean, autobus geltoki zaharretik abiatuta.