Mexikoko erresistentziei buruzko hitzaldia egingo du 'Marichuy' militante indigenak
Marichuy ezizenez ezaguna da Maria de Jesus Patricio Martinez militante mexikarra. Nahua jatorriko medikua da eta giza eskubideen aldeko borrokan ibilbide luzea du. Marichuy Euskal Herrian izango da datorren urrian, eta hilaren 8an hitzaldia egingo du Donostian, egungo Mexikoko egoerari, komunitateetako lanari, errepresioari eta emakumeen borrokari buruz hitz egiteko. Parte Zaharreko Kriptan izango da 19:00etan, San Jeronimo kaleko hitzaldi aretoan, hain zuzen.
Solasaldiaren antolakuntzak hainbat eragilek hartu dute parte, hala nola, Donostiako Komite Internazionalistak, Askapenak, Lumaltik Herriak GKEak, CNI Indigenen Kongresu Nazionalak eta Mugen Gainetik elkarteak. Antolatzaileek nabarmendu dute “galdu ezin den hitzordua” dela, izan ere, gisa horretako militanteak entzuteko aukera gutxi izaten dira. Marichuyk ibilbide luzea du matxismoaren aurkako borrokan, baita komunitateen berreraikitze lanetan ere. Mexikoko 2018ko hauteskunde federaletarako CNI Indigenen Kongresu Nazionalaren hautagai izendatu zuten, EZLNren babesarekin. Militante indigena hogei urtean ibili da lanean Komunitate Indigenak Laguntzeko Unitatean, Guadalajarako Unibertsitatean.