Parketarrak egitasmoa abian da hiriko hamalau auzotan
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak gaur jarri du abian Parketarrak egitasmoa, hiriko hamalau auzotan. Aurten, berrikuntza gisara, zerbitzua Gros eta Antigua auzotara zabaldu dute. Auzo horietako guraso eta haurrek gustura hartu dute, eta oro har, egitasmoak harrera ona izan du.
Helburu nagusia haurrak kalean eta parkeetan jolasean ari direnean euskara erabiltzea da. “Jolasak lagungarriak dira horretarako, jolasen bitartez hizkuntza lantzen baita batetik eta euskara kalean erabiltzeko ohitura areagotzen da bestetik. Hizkuntzaren erabilera ludikoa lantzen da, hau da, euskaraz jolas egiten ondo pasako dute eta lagunarteko harremanak euskaraz eraikitzeko urrats garrantzitsua izango da”, azaldu du Jon Insausti Kultura eta Euskara zinegotziak.
Urtxintxa eskolak aurrera eramango duen egitasmo hau bi programatan banatuta dago: bata, Zabu-zibu, 3-5 urte bitarteko haurrentzat eta beraien familientzat antolaturikoa eta, bestea, Txirrintxon, 6-9 urte bitarteko haurrentzat. Udazkeneko saioak gaur hasi dira eta urriaren 31 bitartean egingo dituzte.
Udazken honetan ere, Grosen eta Antiguan ez ezik, beste 12 auzotako parke eta jolaslekuetan eskainiko da Parketarrak: Altza, Bidebieta, Intxaurrondo, Loiola, Loiolako Erriberak, Amara, Amara Berri, Añorga, Parte Zaharra, Egia, Aiete eta Morlans.
Maiatza eta ekainean 133 saio antolatu ziren Donostiako hamalau auzotan. Zabu-Zibu programan 175 bat haurrek eta 100 gurasok parte hartu zuten. Txirrintxon programan berriz, 150 haurrek.