Puxiken bidez propagandarik ez egiteko eskatu dio Eguzkik EKP-ri
Kontxako estropadetan helioz beteriko ehunka globo banatu zituen Euskadiko Kirol Portuak sozietate publikoak. “Esan gabe doa horietako askok, gehienek beharbada, itsasoan bukatu zutela. Izan ere, nazioarteko kanpainek dioten bezala, globoak ez doaz zerura, itsasora baizik”, salatu du Eguzki talde ekologistak.
EKPren egitasmo horrek indarrean dagoen kanpainarekin talka egiten duela diote, “plastikoen presentzia masiboak itsasoko fauna eta ekosistemetan egiten dituen kalteak ikusita, alarma guztiak piztuta daudenean”.
Erresuma Batuan eeta Australian globoak modu masiboan askatzea debekatuta dagoela nabarmendu du Eguzki. “Eta ez kasualitatez. Marine Conservation Societyk eginiko ikerketa baten arabera, Erresuma Batuko hondartzetan globoak hirukoiztu egin dira azken hamabi urteotan. Gaur egun, 11,5 globo daude kilometroko”. Euskal Herrian ere, Gasteizen, helioz beteriko globoen debekua eskatu zen 2016an, ekosistemetan egiten duten kaltea saihesteko.
“Bestalde, ez da ahantzi behar Europar Batasunean erabilera bakarreko plastikoak (globoak erabilera bakarreko plastikoak dira) 2021etik aurrera debekatuta egongo direla. Parlamentua erabaki hau hartzera bultzatu duen Frederique Ries eurodiputatuak honako hau adierazi du: Debekuak ingurumen-kalteen faktura 22.000 milioi euroan murriztuko du”.
Horiek horrela, EKPri eskatu dioten hemendik aurrera puxika edo erabilera bakarreko plastikoetan oinarrituriko propagandarik ez egiteko.