Arte Ederren eraikinaren eraisketa baimentzeko arriskua dagoela salatu dute EH Bilduk, PPk eta Elkarrekin Donostiak
Eneko Goia Donostiako alkateak Arte Ederren eraikina eraistea baimendu dezakeela ohartarazi dute Donostiako Udaleko oposizioko hiru alderdiek; EH Bilduk, PPk eta Elkarrekin Donostiak, alegia. Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, hiru alderdiek eraikinaren egoerari buruzko txostenak eskatu zizkioten Nekane Arzallus hirigintza zinegotziari, bai udal arkitektoek egindakoak, bai Pedro Ponce de Leon arkitektoak egindakoak. Arzallusek, ordea, ez zizkien txostenak eman, aldaketak jasan zitzaketela argudiatuz. Oposizioko alderdien ustez, txostenetan jartzen zuena udal gobernuaren gustukoa ez zela adierazten du.
Txosten horiek ez ematea “zinegotzien eskubideen urraketa” bat dela nabarmendu du Burutaranek, eta Goia “eraikina eraistearen alde” dagoela pentsarazten duela gehitu du Mikel Lezama PPko zinegotziak. Ildo beretik jo du Haizea Garaik, Elkarrekin Donostiako zinegotziak, eta txostenak ikusteko eskubidea “donostiar guztiek” izan beharko luketela azpimarratu du, “diru publikoarekin” eginak daudelako. Horregatik, “politika ilun” hori alde batera uzteko eskatu diote hiru alderdiek Goiari, eta transparentziaz jokatzeko. Gainera, alkateak jokaera hori aldatzen ez badu, “beste bide batzuk” hartzeko aukera aztertuko dutela ohartarazi dute.
Hiru alderdiek, euren arteko “aniztasunetik”, Arte Ederren eraikinarekiko “konpromisoa” adierazi dute, eta gauza bera egiteko eskatu diote Goiari. Bestalde, osteguneko udalbatzarrean gaia berriz tratatuko dutela aipatu dute, EH Bilduren eta Elkarrekin Donostiaren eskaeraz.
Goiaren ikuspuntua
Gairen inguruan galdetuta, Arte Ederren eraikinean “intentsitatez” lan egiten ari direla aipatu du Goiak goizeko Tokiko Gobernu Batzordean, eta udal taldeen arteko akordio bat lortzen saiatzen ari direla. Hala ere, akordio hori lortzea “batere erraza” ez dela onartu du, posizioak “oso konfrontatuta” daudelako.