Donostiako Udaleko hainbat zuzendaritza-organotako titular berriak onartu dituzte
Tokiko gobernu batzordeak Zeharkako Zerbitzuen koordinatzailearen izendatzea eta Hirigintza Sostengarrirako, Ekonomia Kudeaketako eta Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zuzendarien izendatzeak onartu ditu gaur goizean. Eneko Goia alkateak azaldu duenez, kargu berriak dira Zeharkako Zerbitzuen koordinatzailearena eta Ekonomia Kudeaketaren zuzendariarena, lan kargarengatik sortutakoak.
Edorta Azpiazu Laboa psikologian lizentziatua da Zeharkako Zerbitzuen koordinatzaile berria. Udalean funtzionario gisa ibilbide luzea du Azpiazuk, Ekonomia garapena eta Enpleguko zuzendaria, Donostia 2016ko gerentea eta Lehendakaritzako zuzendaria izan baita. Ekonomia Kudeaketaren zuzendaria, aldiz, Pedro Ugartemendia Garro zuzenbidean lizentziatua da. Bankinter enpresako zuzendariordea eta Controller Hexion Iberican enpresako finantza zuzendaria izan da Ugartemendia, besteak beste, eta San Marco Mankomunitatean lan egin du orain arte, zuzendari-gerente gisa.
Beste bi karguei dagokienez, Jon Chavarri Sarasua da Hirigintza Sostengarrirako zuzendari berria, eta jose Ramon Renilla Gonzalez Hiri Mantentze eta Zerbitzuetakoa. Hirigintzan espezializatutako arkitektoa da Chavarri, eta arkitekto aholkularia izan da Azpeitiko, Segurako eta Eskoriatzako Udaletan. Renilla, ordea, bide, kanal eta portu ingeniaria da, eta Ferrovial Agroman SA enpresan obra burua, Corsan – Coviam SA enpresako EAEko delegatua, Contrucciones Moyua enpresako eraikuntza zuzendaria eta Grupo Obras Especiales enpresako gerenta izan da.