Erraustegiaren kutsadura neurtzeko ikerketa babesteko, finantzaketa kolektiboko kanpaina bat abiatu dute
Zubietako herritarrek erraustegiaren inguruan dauden lursail, landare eta arrautzetan laginak hartuko zituztela iragarri zuten irail hasieran, kutsadura maila neurtu eta erraustegiak eragin ditzakeen kalteak agerian jarri ahal izateko. Zubieta Lantzen elkartearen egitasmoak inguruetako laginak jasoko ditu, erraustegia piztu aurretik eta ondoren, emaitzak alderatu eta kutsadura maila neurtzeko. Herbehereetako eta Euskal Herriko bi erakunde kontratatu dituzte ikerketa zientifikoa garatzeko.
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak jakinarazi du ikerketa egin ahal izateko, 13.000 euro behar direla, besteak beste, nazioarteko ikertzaileen garraioa, laginak hartzeko prozesuak eta ikertzaileen herrialdeetan azterketa analitikoak egiteak dakartzan kostuak kontuan hartzen badira. Diru kopuru hori lortzeko, “norbanakoei, eragile sozialei eta udalei ikerketa independentea” babesteko deia egin diete. Era berean, jakinarazi dute Errausketaren Aurkako Mugimendua osatzen duten talde eta herritarrek erabaki dutela finantzaketa lortzen laguntzea.
Horretarako, finantzaketa kolektiboko kanpaina bat abiatu dute. “Bakoitzak ahal eta nahi duen neurrian ekarpena eginez, denon artean, kutsaduraren datu zientifikoak gure eskuetan izatea autodefentsa gisa ulertu behar dugu”, azaldu dute. Ekarpen ekonomikoak Verkami plataformaren webgunean egin beharko dituzte interesatuek, eta parte hartzen dutenek errausketaren aurkako bandera bat jasoko dute. Halaber, kontu korronte bidez ekarpena egiteko aukera ere zabaldu dute. Kontuaren titularra da Zubieta Lantzen, eta honakoa zenbakia: ES45 2095 5069 06 1064132086.
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko kideek jakinarazi dute ordainketak “berehala” egin behar dituztela, eta hori dela eta, lagundu nahi duten pertsonak ekarpena azkar egitera animatu dituzte. Kanpainaren berri emateko bideo bat prestatu dute plataformakoek.